Ibon Goieaskoetxea epaitzen hasi dira Parisen 31 deliturengatik
Ibon Goieaskoetxea busturiarra epaitzen hasi dira gaur Parisen. Hain zuzen ere, 31 deliturengatik epaitzen hasi dira eta epaiketa datorren astera arte luza daiteke.
2010ean atxilotu zuten Goieaskoetxea busturiarra, Frantziako ipar-mendebaldean. 31 delitu leporatzen dizkiote. Atxilo hartu baino hilabete arinago, 2010eko urtarrilaren 28an, Mirebeauko (Frantzia) burdindegi batean armazko lapurreta egitea eta ETAko zenbait kideri ostatua emateko etxeak alokatzea leporatzen dizkiote, besteren artean.
Euskal preso busturiarrak bi zigor ditu Frantzian. Batetik, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2014ko abenduan, auzi-ihesean zegoeneko epaiketari helegitea jarri ondoren, eta bestetik, 2013ko apirilean, Frantziako Auzitegiak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Goieaskoetxeari, 2007. urteko abenduan, Capbretongo (Frantzia) kafetegi batean bi guardia zibilen hilketan parte hartzea leporatuta.
Gose greba bertan behera
Bestalde, joan den astelehenean hasitako gose greba, barikuan bertan behera utzi zuen Goieaskoetxeak. Hain zuzen ere, bisitak murriztu izanagatik hasi zuten Fleuryko (Frantzia) espetxean diren euskal eta korsikar presoek gose greba mugagabea.
Etxerat elkartetik jakinarazi dutenez, hitzezko hitzarmen batera heldu dira kartzela eta presoak. Hitzarmen horren bidez, murriztu zitzaien bisita luzea berreskuratu, eta uztailetik aurrera lehengo bisiten kopurua izango dute berriro ere, hau da, hiru bisita luze hilean (bi astean metatzeko aukerarekin) eta hiru labur. Fleuryko kartzelak hartutako jarrera txalotu ordez, «mota honetako lehenengoa ez den urraketa bat» dela gogorarazi gura du Etxeratek, «aurretik ere esana dugu duela bi urte Fleuryn lau bisita luze izateko eskubidea zutela euskal preso politikoek».