Gernikaren zaleak Sadarren. Argazkilaria: Gernika Club.
Ametsa errealitate bihurtzetik hurbilago dago Gernika futbol taldea. Atzo eguerdian, 0-1 nagusitu zen Iruñean (Nafarroan), Osasuna B taldearen kontra.
Hala, aldeko emaitza horri eutsi beharko dio taldeak asteburu honetan, datorren denboraldian Bigarren B mailan jokatzeko.
Hain zuzen ere, zapatuan, 19:00etatik aurrera lehiatuko dute bi taldeek bueltako partida, Urbieta futbol zelaian. Partida garrantzitsua bezain berezia izango da, eta beste behin, zaleek ez dute hutsik egingo.
Gernikaren 300 zale inguru egon ziren atzo Sadarren. Gehienak klubak antolaturiko lau autobusetan joan ziren, eta beste batzuk, autoz egin zuten bidea. Denek ere gogor animatu zuten taldea, eta lortutako garaipenagaz, pozarren bueltatu ziren etxera.
Partidako gol bakarra Zarandonak sartu zuen txilenaz, 70. minutuan. Elantxobetarrak area ertzetik baloia errematatu, eta Julen Osasunako jokalariari jo zion, orduan baloia desbideratu, eta Juan atezainak ezin izan zuen ezer egin gola saihesteko. Gero, etxeko taldeak ez zuen erantzuten asmatu, eta Gernikak neurketa kontrolpean izan zuen.
Argazkilaria: Gernika Club