Etzi egingo dute San Pedro jaietako mendi martxa mundakarrek
Mundakako San Pedro jaietako mendi martxa egingo dute etzi. Azken urteotan tradizio bihurtu da ibilaldia, eta herritarrek ez dute hutsik egiten hitzordu berezi horretara.08:00etan elkartuko dira parte hartzaileak udalerriko Isla Kale kiroldegian. Ondor...
08:00etan elkartuko dira parte hartzaileak udalerriko Isla Kale kiroldegian. Ondoren, itsasontzira igo, eta Urdaibaiko itsasadarra zeharkatuko dute. Laidara helduta, Atxarreko San Pedrorako bidea hartuko dute.
Paisaia ederretan barrena burutuko dute ibilbidea. Martxako partaideek Atxarreko San Pedrotik Urdaibai osoaren ikuspegi zoragarriaz gozatuko dute.
Handik Ibarrangeluko Garteiz eta Tremoia auzoetatik Elantxobera joan, eta Ogoñora igoko dira. Handik Oletara jaitsi, eta Akorda auzorantz abiatuko dira. Akordatik Gametxora heldu, eta Laidara joango dira Mundakara eramango dituen itsasontzia hartzeko.
Modakutxoa, bukaeran
Hala, martxaren amaieran modakutxoa hartuko dute Santa Katalina plazako Urdaibai txokoan, 13:30ak inguruan.
Martxan parte hartzeko ez da aurretik izenik eman behar. Hala eta guztiz ere, edozein zalantza argitzeko edota informazio gehiago jasotzeko hurrengo telefono zenbakietara deitu dezakete herritarrek: 615 718 239 eta 678 318 168.
Era berean, email honetara idazteko aukera ere badute: gaztezar.mt@live.com.