Txosna batzordeko kideek egin dute deialdia
Bi hamarkada, 20 urte bete ditu aurten Gernika-Lumoko Txosna Batzordeak, eta urteurren hori herritarrekin ospatu gura dute,. Hain zuzen, urte luze hauetan txosnetan ekarpenen bat egin dutenak gonbidatu dituzte zapatu arratsaldean Astran egingo duten ekitaldira.
Txosna Batzordeko kideek diotenez, lagundu dutenak, turnoren bat egin dutenak, txosnak muntatzen edota kentzen lan egin dutenak, txosna batzordeko kide izan direnak, talderen bat edo bestean izan direnak… Azken batean, jai herrikoi eta parte hartzaileagoak bultzatuz herri mugimendua indartzen lagundu dutenak gonbidatuta daude bihar egingo duten urteurreneko ekitaldi horretara.
Ekitaldi «xumea» izango da, antolatzaileek esan dutenez. Azken bi hamarkadetako argazkiak proiektatuko dituzte; baita bideo bat ere. Ostean, luntxa emango dutela aipatu dute.
Abestia
Era berean,jakinarazi dutenez, 2015eko Andra Mari eta San Roke jaietarako prestatu duten egitarauaren zertzelada batzuk ere emango dituzte. Eta 10. urteurrenean egin bezala, 20. erako ere abesti bat sortu dute, eta zapatuan aurkeztuko dute.
Zapatukoa, jaialdia beharrean, eskerrak emateko ekitaldia izango dela zehaztu dute txosna batzordeko kideek.