
Lazaro eta Candina presidentea, jokalaria klubera heldu zenean.
Bilboko pibotak Gernika-Lumoko saskibaloi taldean jarraituko du 2015-2016 denboraldian. Hain zuzen ere, hurrengoa Lazaroren laugarren denboraldia izango da klubean.
Jokalariak Gernika Bizkaian gelditzeko erabakia argi izan duela dio: “Aurreko denboraldian bigarren itzulian hobeto ikusi nuen neure burua, nire jokoan hobekuntza igarri nuen, eta minutu gehiago jokatu nituen eta hori funtsezkoa da. Gainera, taldekideekaz eta entrenatzaileagaz oso gustora nago, eta hemen jarraitzeko erabakia argi neukan”.
Bilbotarraren helburua bere ibilbidean “aurrera egitea”, eta jokalari moduan “hazten jarraitzea” da. Halaber, taldea aurreko denboraldian bezala aritzea espero du: “Asmoa da aurreko denboraldiko mailan egotea, eta mantentzea. Badakigu zaila dela aurreko maila berean egotea, baina, horretan ahaleginduko gara, eta maila onean lan eginda zerbait lortzeko aukera baldin badugu, haren bila joango gara”.
Mario Lopez Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak Lazaroren “aurrerakuntza” nabarmendu du, eta haren jokoan hobekuntza ikusi zela esan du: “Esperientzia hartzen joan ahala erregulartasun gehiago edukiko du, eta gorabehera gutxiago. Aurreko denboraldian bere jokoan hobekuntza ikusi genuen, eta horrela jarraitzea espero dugu; guretzat funtsezkoa da jokalari bizkaitarrekin lehiatzea”. Hala, “presa” askorik gabe, pauso “sendoak” emonda, jokalari hobea izateko egunero entrenatzen jarraituta Emakumezkoen Ligan bere lekua bilatuko dutela uste du entrenatzaileak. Izan ere, gogoratu duenez haren postuan jokatzen dutenen artean, gutxi dira hura bezain gazteak.
Euskadiko Selekzioagaz
Orain 2015-2016-ko denboraldi aurreari ekin aurretik atseden hartzeko astia izango du Gernika Bizkaiako pibotak. Euskadiko Selekzioagaz jokatu berri du Venezuelaren kontra. Bi partida lehiatu dituzte eta bietan irabazi dute euskal herritarrek. Lazarok balorazio positiboa egin du: “Oso gustora jokatu dut, konfiantza askogaz eta hori kantxan islatu da. Esperientzia itzela izan da, eta asko gozatu dut; bost eguneko entrenamenduen ostean, Txakartegi entrenatzaileak jokalari bakoitzaren onena atera du”.