
Morgako boxealaria La Casilla kiroldegian lehiatuko da nikaraguarraren kontra. Hiru minutuko sei borrokaldi egin beharko dituzte.
20:30ak aldera hasiko da boxeo erakustaldia La Casillan. Bertaratzen direnek, guztira hamar borrokaldi izango dituzte ikusgai.
Boxeo profesionalari dagokionez, Lejarragaren eta Moraren borrokaldiagaz batera, Mikael Mkrtchyan eta Edwim Tellez boxealarien arteko lehia izango da. Halaber, luma pisuan Andoni Gago
Macho eta Sergio Romero
Sugar ariko dira nor baino nor gehiago. Bestalde, boxeo olinpikoko zazpi borrokaldi egongo dira.
Bederatzi borrokalditik, bederatzi garaipen
Morgako errebolberrak azken borrokaldia Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan lehiatu zuen maiatzaren 15ean. Orduan, Mariusz Jacheanu boxealaria K.O.-z gainditu zuen, hasi eta 120 segundotan.
Orain arte bederatzi borrokalditan parte hartu du Lejarragak, eta bederatziak irabazi ditu, horietatik zazpi K.O.-z. Gainera, Espainiar estatuko BoxRec sailkapenean hirugarrena da, eta Europako 50 boxealari onenen artean sartzeko zorian dago.