
40 zaldizkok parte hartuko dute bost kategoriatan banatuta, eta aurtengoan, 80 kilometrokoan, Euskadiko txapelketa ere lehiatuko dute.
Ereñoko Gabika auzoan hasi eta amaituko dute proba. Goiztiarrenak, ibilbide luzeena egingo dutenak, 09:00etan irtengo dira. Horiek 80 kilometro egingo dituzte. Bestalde, 10:00etan ekingo diete lehiari 60 eta 40 kilometroko ibilbideak egingo dituztenek. Hala, partaideek ordu bete bat lehenago egon beharko dute irteera lekuan.
Gabika auzotik Ereñoko herrigunerantz abiatuko dira, San Migeletik. Herria zeharkatu ostean, baso bideetatik Nabarnizera joango dira. Handik Illunzarrera igo, eta bueltako bidea San Kristobaletik egingo dute.
Hain zuzen ere, bi ibilbide daude; bata 30 kilometrokoa eta bestea 20 kilometrokoa. Zaldizkoek horien konbinazioa eginda osatuko dute ibilbidea. Esaterako, 80 kilometroko parte hartzaileek, 30 kilometroko ibilbidea birritan egingo dute, eta 20 kilometrokoa behin.
Sari banaketa, arratsaldean
Urdaibai zaldi taldeak, Elantxobeko zaldiak eta Ereñoko udalak antolatu dute Ereñoko Raid-a. Proba luzea izaten da, eta ondorioz, sari banaketa arratsaldean egingo dute.
Antolatzaileen berbetan, “ibilbide luzeena egiten duten batzuk, askotan 16:00-17:00 bitartean heltzen dira, eta horregatik, azkenak heldu ostean egiten dugu sari banaketa”.
Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurentzat egongo dira sariak. Garaikurra, zaldientzat pentsua eta txakolin botila bana jasoko dituzte. Era berean, maila bakoitzean lasterketa baldintzarik onenetan amaitu duten zaldiak ere sarituko dituzte. Bestalde, partaide guztiei kamiseta bana emango diete.