Ana Otadui (EAJ) izendatu dute Batzar Nagusietako presidente
Elorriokoak Ana Madariaga alderdikidearen eskutik hartu du makila. EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Podemosek ordezkaritza dute Batzar Nagusietako mahaianEusko Alderdi Jeltzaleak izango du berriro, datozen lau urteetan, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentzi...
Elorriokoak Ana Madariaga alderdikidearen eskutik hartu du makila. EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Podemosek ordezkaritza dute Batzar Nagusietako mahaian
Eusko Alderdi Jeltzaleak izango du berriro, datozen lau urteetan, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentzia. Atzo egin zuten Batzar Nagusiak osatzeko osoko bilkura, eta EAJko Ana Otadui aukeratu zuten mahaiko presidente. Elorriokoak pozik eta erronkari aurre egiteko prest hartu zuen presidentzia. Beregan izandako konfiantzagatik eskerrak eman zituen, eta Batzar Nagusiak «denentzako etxea» izan daitezen lan egingo duela esan zuen. «Herritar denentzat are zabalagoa izan behar da etxe hau», esan zuen. Era berean, alderdikeriak alde batera uzteko eta «talde, batzarkide eta bizkaitar denen lehendakari» izateko ahalegina egingo duela aipatu zuen Otaduik.PPk ordezkaririk ez
Datozen lau urteetan Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ), PSE-EEk, EH Bilduk eta Podemosek izango dute ordezkaritza Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaian. Otadui bera presidente, alderdi sozialistako Begoña Gil izango da lehenengo presidenteorde, eta EH Bilduko Joseba Gezuraga bigarren presidenteorde. EAJren eta PSE-EEren botoekin izendatu dute Otadui presidente, eta bi alderdi horien botoek eman diote Gil-i presidenteordetza. Gezuragak Podemosen babesa izan du izendapenerako.
PSEren botoen laguntzagaz baita, mahaiko bi idazkaritzetatik bat EAJk izango du hurrengo legegintzaldian, eta Koldo Mediavilla ariko da lan horretan. Bigarren idazkari Podemoseko Elsa Pamparacuatro izango da, EH Bilduren botoak jaso ostean.
Alderdien arteko akordioek ordezkaritzarik barik utzi dute Alderdi Popularra. Maiatzaren 24ako foru hauteskundeetan ordezkarik txikiena lortu zuen alderdia izan zen; popularrek lau batzarkide dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Lankidetza
PSE-EEk ere ordezkari gutxiago izango ditu datozen lau urteetan, bi jarleku galdu ostean, 7 batzarkide izango dituzte sozialistek. Podemosek eman du ezustean azken bozetan, eta sei jarleku eskuratu. EH Bilduk ordezkari bat galdu 11 ditu orain eta bat irabazi du EAJk orain 23 ditu.
Denak, baina, «bidelagun» izan gurako lituzke mahaiko presidente izendatu berriak: «Desberdintasunak izan arren, ziur nago askoz gehiago direla batzen gaituzten gauzak. Denen artean lor dezagun lehia politikoa lankidetza zintzo bihurtzea». Besteak beste, ekonomia suspertzeko lan egin behar dutela esan zuen Elorriko alkate ohi eta legebiltzarkide ohi denak.
Bestalde, Ana Madariagak alderdikide duen Otaduiri lekukoa emanez utzi ditu Bizkaiko Batzar Nagusiak. Azken 20 urteak erakunde horretan eman ditu jeltzaleak, eta azken 12 urteetan izan du presidente izateko ardura. «Urte emankorrak» izan direla esan du Madariagak, eta Batzar Nagusiak utzi arren, bere agurra ez dela zehaztu zuen presidente ohiak.