180 bat partehartzaile elkartu dira Gorpuzti jaietako mendi martxan
Ibarrangeluko mendi martxa 180 bat lagunek egin zuten, domekan. Batzuek, 23 kilometroko martxa egin zuten, eta beste batzuek, berriz, zortzi kilometrokoa.Udalerriko paisai ederragaz gozatu zuten partaideek. Hain zuzen ere, Ibar gainetik Lastarrira jai...
Udalerriko paisai ederragaz gozatu zuten partaideek. Hain zuzen ere, Ibar gainetik Lastarrira jaitsi ziren, eta gero Akordaraino heldu ziren. Akordatik Antzorako hondartzatik pasatu, eta askorentzat ezezaguna den Azalene hondartzan geldialditxoa egin zuten.
Ostean Laidatik pasatu, eta Akordako beste aldetik udalerriko mendirik altuena den Armendura heldu ziren. Handik Eleizalderantz abiatu ziren.
Bestalde, zapatuan, paella txapelketa egin zuten goizean. Mimo handiz zeinek paella gozoena prestatu aritu ziren. Ibarrangeluko eta inguruetako herritarrez osaturiko hamar koadrillak hartu zuten parte.
Bazkalostea gaiteroek girotu zuten, eta arratsaldean, esku pilota eta pala partidak ikustera hurbildu ziren pilotalekura.
Herriko, Eako, Elantxobeko eta Gautegiz-Arteagako umeak aritu ziren nor baino nor gehigo. Esaterako, nesken pala partidan Olatz Arrizabalaga eta Ane Isasmendi Euskadiko txapeldunak, Nagore Martin eta Ane Isasmendi Arabako txapeldunen kontra lehiatu ziren, eta arabarrak nagusitu ziren.
Ostean, Inaxio Perurena harri-jasotzaileak erakustaldiaz gozatu zuten bertan bildutakoek, eta gau partean txarangaren erritmo biziek girotu zuten ingurua.