“Gaur hautestontzia, bihar erabakia” lelopean, hautestontzi erraldoiak irudikatuko dituzte ekainaren 21ean, domekan, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Baionan. Hiriburuetan bat egingo dute herriz herri prestatzen ari diren oihal denak. Bizkaitarrak Bilbon dute oihal katea egiteko hitzordua, 12:00etatik 12:30era, Euskalduna zubia eta Areatza artean. Busturialdeko herritarrei, hain zuzen, Salbe zubitik zubizurira bitartean ibaiaren eskuinaldean egoteko eskatu die Gure Esku Dago ekimenak.
Domekarako oihalak prest izan daitezen, zapatuan, Lameran batu ziren, bigarrenez, jostunak. Hala, joan den hilean hasitakoari jarraipena emateko aukera izan zuten jostunek. Taldeetan banatuta oihalak batzen joan ziren bertaratutako guztiak.