
Ibon Goieaskoetxea jipoitu izana salatu zuten maiatzean
Bisitak murriztu izana salatzeko, gose greba hasi dute Fleuryko (Frantzia) espetxean diren euskal eta korsikar presoak, tartean Ibon Goieaskoetxea busturiarrak. Hain zuzen, bere eta Joseba Iturbideren izenean gutun bat helarazi zioten maiatzaren 30ean presondegiko zuzendariari, bisitak inolako abisurik gabe aldatu dizkietela salatzeko.
Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, zuzendariaren erantzunik ez dute izan, eta gose greba hastea erabaki dute euskal preso politikoek. Era berean, patio orduetan ziegetara bueltatzeari uko egin diote, protesta modura. Euskal preso politikoekin batera, Lau preso korsikarrek ere gose greba hasi dute.
Berria egunkariak dioenez, hilean lau bisita luze (astean bi bisita pilatzeko aukerarekin) izateko eskubidea erdietsi zuten presoek. Ondoren, kartzelako obra batzuk zirela-eta, eta “leku falta” zegoela argudiatuta, hiru bisitara murriztu zituzten Fleuryn bisitak, asteburuetakoak mugatuta. Lanak bukatutakoan aurreko egoerara bueltatuko zirela hitz eman zieten presoei aldez aurretik. Baldintza horrekin onartu zuten presoek aldaketa akordioa, baina behin obrak amaituta, zuzendaritzak ez du aurreko bisita kopurua berrezarri.
“Badakigu jazarpen politikoan oinarritzen den eta gure kondenari ezartzen diozuen familien urruntze politikaren ondorio gehitu bati erantzuten diola honek”, idatzi zioten zuzendaritzari.
Etxerat-ek kartzelako zuzendaritzari eskatu dio urratsak egin ditzala presondegi horretako egoera aldatzeko.