Gernikak hurbilago dauka Bigarren B mailan jokatzeko aukera
Extremadurako Jerez taldeari 3-0 irabazi dio Luacesen taldeak Urbietan. Datorren eta azken kanporaketa CA Osasuna B taldearen aurka jokatuko duteGernika taldeak azken kanporaketa jokatuko du hurrengo urtean bigarren B mailan izateko, zapatuan Jerez tal...
Extremadurako Jerez taldeari 3-0 irabazi dio Luacesen taldeak Urbietan. Datorren eta azken kanporaketa CA Osasuna B taldearen aurka jokatuko dute
Gernika taldeak azken kanporaketa jokatuko du hurrengo urtean bigarren B mailan izateko, zapatuan Jerez taldea Urbietan garaitu ondoren.Erruz lan egin behar izan zuten talde zuri-beltzeko jokalariek kontra zeukaten kanporaketari buelta emateko. Joaneko lehian 2-0ko emaitza jaso ondoren, hiru gol behar zituzten Javi Luacesen mutilek bizirik jarraitu nahi bazuten. Norgehiagoka gogorra eta borrokatua suertatu zen, eta bizitakoaren froga argi bezala epaileak hamar jokalari kanporatu zituen: bost berdegunetik eta beste bost aulkietatik. Gainera, Etxaberen bi golak erabakigarriak izan ziren garaipenerako.
Lehia berdindua
Etxeko taldeak baloiaren jabetza izan zuen lehen minututik. Jereztarrek errenta ona zeukaten, eta denbora galtzea nahiago izan zuten futbolean aritzea baino. Lehen zatian, Gernikako jokalariak behin eta berriz saiatu ziren gola egiten, baina beraien ahalegin guztiak ezerezean geratu ziren; Jerezen atezainak etxeko jokalarien aukera denak zapuztu eta baloi guztiak gelditu zituen.
Golak bigarren zatian heldu ziren. Lehenago, hala eta guztiz ere, erronka zaildu egin zen Aimarrek bigarren txartel horia ikusi zuenean. Jokalari bat gutxiagogaz, etxekoek aurrea hartu zuten Arriren golagaz. Minutu gutxi batzuk beranduago, jereztarrak ere hamar gizonekin gelditu ziren.
Gernikarrak behin eta berriz saiatu ziren bigarrena sartzen, baina berdinketa azken hasperenean heldu zen; oinarrizko denbora agortuta zegoela, baloia sarean sartu zuen Etxabek ezkerkada ikusgarri bati esker. Partidua bukatuta eta Extremadurako emaitza bera markagailuan, luzapena jokatu beharra zegoen.
Luzapenean, zoramena
Aparteko ordu erdi horretan denetarik gertatu zen. Kanpoko taldeak presioari eutsi ezinik beste hiru jokalari galdu zituen berdegunean, eta txartel festa haren erdian, Etxabek hirugarrena sartu zuen buruz egindako erremateak zoramena ezarriz harmailetan.
Azken kanporaketa jokatu beharko du Gernikak orain, CA Osasunaren aurka, eta irabaziz gero bigarren B mailarako txartela eskuratuko du.