
Gaur arratsaldean egin dute jaietako kontzertuak iragartzeko agerraldia.
Aurten ere Gernika-Lumoko jaietan ez da musikarik faltako gau giroak berotzeko. Jai batzordeak gaur arratsaldean aurkeztu du aurtengo taldeen zerrenda. Gustu guztiak asetzeko nahikoak diren hainbat musika estilo entzungai egongo dira. Kokaleku nagusiak beste behin, Pasealekua eta San Juan Ibarra izango dira. Batean, gazteagoentzat zuzenduak izango dira ekitaldiak eta, bestean, giro lasaiagoak nahiago dituztenentzat lekua bihurtuko da.
Andra Mari eta San Roke jaiak heldu baino hiru egun lehenago Lurgorriko jaien txanda izango da. Motorrak berotzen hasteko juerga giroa sortzen duen herriko talde bat egongo da: Gatibu. Alex Sardui eta bere taldeak dantzan jartzeko erritmo biziak eta letra beroak eskeiniko ditu Lurgorriko auzoan. Jaiak luze jarrai dezan, Elortegi Anaiak eta Tximeletak jendea dantzan mantenduko dute. Bukatzeko, Xaibor disko festak itxiera bikaina emango dio egunari, etxera joan nahi ez duten guztientzat kantarik ezagunenak jarriz.
Behin bezpera eguna heltzerakoan, Dientes de Luna taldearen rock erritmoek gauari hasiera eskeiniko die, eta ondoren datozen Los chikos del Maizekoek giroa guztiz astoratuko dute. Oxabi eta Gaupasakoek jendea bere onera itzultzeko ahalegina egingo dute erromeriekin. Aurten ere jai batzordekoek herriko taldeen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Etxeko labela duten taldeek ere beraien aukerak izan behar dituzte taula gainean dakitena erakutsi ahal izateko.
Andra Mari egunean Tears and Beers talde sortu berria izango da Pasealekuan. Gitarra soinuak eta inor bakean huzteko gogo gutxi da beraien aurkezpen txartela. Iheskide eta Hesianekoek dantzan egin nahi dutenak poztuko dituzte. San Roke egunean jaietako koktelik exotikoena izango da dastagai: Potato eta Las Tea Party. Talde arabarrak denek ezagunak dituzten reaggea erritmoak hurbilduko ditu eta ondoren datorren bikoteak musika elektronikoa eskeiniko du. Egunetik gauera doazen bi estilorekin gozatzeko parada minutu gutxiren buruan, hain zuzen.
Mozorroak janzteko egunean, San Roketxutan, La Pegatina talde kataluniarra gerturatuko da Gernika-Lumora. Arrakasta izaten ari den taldea da estatu mailan eta hori, gehienbat, beraien kontzertuetan agertzen duten jai gogoa eta dantzagarriak diren abestiengatik da. Gainera ez dira bakarrik egongo, Esne Beltzako buru den Xabi Solano beraiekin izango baita taula gainean. Azkeneko egunean, indar falta nabaritzen denean, jaiei agurra eskaintzeko, Korrontzi eta Onkari taldeek folk doinuak eskeiniko dituzte, jesarrita eta lasai askoan entzuteko kontzertu erakargarriak.
Kontzertuak:
- Abuztuak 11
20:00. (Lurgorrin) Elortegi Anaiak + Gatibu + Tximeleta + Xaibor Disko Festa.
- Abuztuak 14
22:30. (Pasealekuan)
Dientes de Luna + Los Chicos del Maiz + Oxabi.
22:00. (San Juan Ibarran) Gaupasa erromeria.
- Abuztuak 15
22:30. (Pasealekuan). Tears and Beers + Iheskide + Hesian.
22:30. (San Juan Ibarran) Jokaldi.
- Abuztuak 16
23:30. (Pasealekuan) Potato + Las Tea Party + Apar jaia.
22:00. (San Juan Ibarran) Demode Quartet.
- Abuztuak 17
22:30. (Pasealekuan) Sueder + La Pegatina + Xabi Solano + Trikizio.
- Abuztuak 18
22:30. (Pasealekuan) Korrontzi + Onkari.