
Joanes Goitisolo eta Laura Veronica Carrillo izan ziren bizkorrenak Areatzako mendi lasterketan. Proba hau Campos Urdaibai txapelketarako puntuagarria da, eta lasterketa bakarraren faltan, dena dago erabakitzeko sailkapen nagusiari dagokionez. Aurten jende gutxiago izan bada ere, mendizale andana bildu zuen kirol probak; zapatuan bere hirugarren edizioa bete du lasterketak eta hamargarrena mendi martxaren kasuan.
Guztira 97 pertsona izan ziren martxan parte hartu zutenak eta 51 lasterketan. Mendi martxa goizeko 8:30etan hasi zen Areatzako plazatik. Ordu bete beranduagoa lasterkatan parte hartuko zutenek ekin zioten erronkari, aurretik 19,5 km-ko luzera zuen ibilbideari aurre eginez. Korrikalariek lan gogorrari ekin behar izan zioten hasiera hasieratik. Kirol frogak igo beharreko bost tontor biltzen zituen; lehena Atxeli mendia (405m), gero Usparitxamendia (445m) eta indarrak hartu ondoren anoa postuan, Arburu (552m), Askari eta Okolomendi (210m) bukaeran. Joanes Goitisolo irabazlearen hitzetan “lehen momentutik erritmo gogorra ezarri nuen eta gero bigarren egin zuen Imanol Goñirekin batera joan nintzen bukaera arte”. Aurten ez du Urdaibai kopako beste lasterketarik lehiatu, baina oso pozik agertu da garaipenarekin.
Ospatu berri den kirol froga Campos Urdaibai koparako puntuagarria da. Txapelketak sei froga desberdin ditu eta Areatzakoa azken aurrekoa izan da. Gizonen sailkapen nagusiari begira azken aste honetan hirugarren izan den Jose Gabriel Ruiz dago lehen postuan. Lehen bost sailkatuen artean 25 puntu baino gutxiagoko tartea dago orain. Emakumeei dagokionez Laura Veronica Carrillo dago sailkapen buru baina sei eta zortzi puntura ditu bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren. Irailaren 27an Forun izango den azkeneko lasterketak erabakiko du aurtengo koparen txapeldun nagusia. Mendi lasterketa bakoitzean 50 puntu irabazten ditu irabazleak eta lehen 60 partehartzaileek puntuatzen dute.

Aitor Bilbao antolatzailearen hitzetan “jendea oso pozik egon zen lasterketan zehar, bai ibilbideari eta bai antolakuntzari dagokionez”. Asteburu zaila zen Areatzako kirol frogarentzat, beste hainbat ekitaldi baitzeuden antolatuak inguruko herrietan. Eguraldiak ere ez zuen askorik lagundu, baina, hala ere, antolatzaileak pozik agertu dira. “Ibilbide gogorra izan arren, kuspegi ederrak daude gozatzeko” Aitor Bilbaok dioenaren arabera.