
Rett gaixoei elkartasuna emateko eta gaitz horren ikerketan lagundu asmoz, herritar talde batek elkartasunezko kontzertua antolatu zuen zapatuan. Izan ere, bi dira Bermeon gaixotasun hori duten neskatoak: Nerea eta Izarra. Sarrerarik ez zen ordaindu behar, hala ere, bertaratutako guztiek borondatea eman zuten. Hala, Neretxun familiak jakinarazi duenez, 920 euro lortu dituzte elkartasunezko kontzertu horretatik. “Oso eskertuta” daude herritarrek ematen ari diren laguntzagatik, eta zapatuan kontzertuan parte hartu zuten guztiei zein bertaratutakoei eskerrak eman gura dizkiete.
Santa Eufemia elizan izan zen kontzertua eta umetxo baten ohorezko aurresku bereziarekin eman zioten hasiera. Ondoren, Andra Mari eta Santa Eufemia elizetako komunioetan abesten duten gurasoen koroek eta hainbat umek parte hartu zuten, hainbat abesti kantatuz. Leuzemia gainditu ezin izan duen Ibontxuren familiak ere ez zuen hutsik egin eta han izan ziren animoak ematen. Kontzertua amaitu ostean, Ibontxuren zein Neretxuren gurasoek puxika urdinak eta laranjak askatu zituzten.