
Domekako mendi martxa.
Domekan egin zuten udalerriko auzoetan barrena ibilaldia. Goiztiarrenak, 08:00ak aldera Eleizalde auzoan elkartu, eta 23 kilometroko martxa luzea egin zuten. Martxa laburra, berriz, zortzi kilometrokoa izan zen, eta 09:00ak inguruan irten ziren bertako partaideak.
Herriko paraje ikusgarrienetatik barrena goiz pasa ederra egin zuten partehartzaileek. Ibar gainetik Lastarrira jaitsi ziren, eta gero Akordaraino heldu ziren. Akordatik Antzorako hondartzatik pasatu, eta askorentzat ezezaguna den Azalene hondartzan geldialditxoa egin zuten. Ostean Laidatik pasatu, eta Akordako beste aldetik udalerriko mendirik altuena den Armendura heldu ziren. Handik Eleizalderantz abiatu ziren.
Hain zuzen ere, mendi martxa izan da Gorpuzti jaietako azken ekitaldia.
Zapatuan, paella txapelketa egin zuten goizean. Mimo handiz zeinek paella gozoena prestatu aritu ziren. Ibarrangeluko eta inguruetako herritarrez osaturiko hamar koadrillak hartu zuten parte.
Bazkalostea gaiteroek girotu zuten, eta arratsaldean, esku pilota eta pala partidak ikustera hurbildu ziren pilotalekura. Herriko, Eako, Elantxobeko eta Gautegiz-Arteagako umeak aritu ziren nor baino nor gehigo. Nesken pala partidan Olatz Arrizabalaga eta Ane Isasmendi Euskadiko txapeldunak, Nagore Martin eta Ane Isasmendi Arabako txapeldunen kontra lehiatu ziren, eta arabarrak nagusitu ziren.
Ostean, Inaxio Perurena harri-jasotzaileak erakustaldiaz gozatu zuten herritarrek, eta gau partea txarangak girotu zuen.

Paellen aurkezpena, zapatuan.