Gernikak denboraldiko hitzordu garrantzitsuena du bihar, Urbietan
Jerez taldearen aurka bueltako partida jokatuko du 19:00etatik aurrera. Joanekoan 2-0 galdu zuen kanpoan. Zaleak, 18:00etan irtenda, kalejiran joango dira futbol zelairainoDenboraldiko erronkarik handienari eta zailenari egin beharko diete aurre Gernik...
Jerez taldearen aurka bueltako partida jokatuko du 19:00etatik aurrera. Joanekoan 2-0 galdu zuen kanpoan. Zaleak, 18:00etan irtenda, kalejiran joango dira futbol zelairaino
Denboraldiko erronkarik handienari eta zailenari egin beharko diete aurre Gernika futbol taldeko jokalariek bihar. Bigarren B mailara igotzeko, bigarren kanporaketako bueltako partida jokatuko du talde gernikarrak Jerezen kontra. 19:00etan hasiko da norgehiagoka, Urbieta futbol zelaian.Aurreko zapatuan Gernikak 2-0 galdu zuen Jerez futbol taldearen zelaian. Beraz, kanporaketa maldan gora daukate, eta badakite emaitza horri buelta ematea zaila izango dela. Hala ere, Bigarren B mailara igotzeko bidean, bigarren kanporaketa hori gainditzeko jokalariek haien esku dagoen guztia egingo dute.
«Merezi genuena baino kaltegarriagoa da emaitza, partidako 70. minutuak kontrolpean izan genituen, baina, hutsegite bat egin, eta gogor ordaindu genuen», esan du Jabi Luaces entrenatzaileak.
Azaldu duenez, gernikarrek partida irabazteko meritu gehiago egin zituzten, eta aurkariak lehenengo gola egin ostean, berdinketaren bila arinegi aritu zirela aitortu du.
Markagailuari buelta
Entrenatzaileak taldeak joaneko emaitzari buelta emateko «ahalmena» badaukala nabarmendu du: «Taldeak daukan kalitateagaz eta jokalariek daukaten gogoagaz, partida irabazi eta kanporaketa pasatzeko gai gara». Horretarako, jokalariek gogotik lan egin beharko dute: «Joanekotik hobetzeko gauzak badaude, eta kontzientzia hartuta jokatu beharko dugu, ezin dugu hutsegite bakar bat ere egin».
Halaber, Luacesek uste du, aurreko astean ez bezala, oraingo honetan etxeko futbol zelaiak gernikarrei «mesede» egingo diela, eta era berean, hori aurkariaren kalterako izatea espero du. Izan ere, joanekoan Jerez taldearen futbol zelaiaren egoera «kaskarrak» eragin zuzena izan zuen gernikarren jokoan: «Gure jokoa egiten ez zigun utzi, epaileak ere aktan idatzita utzi zuen».
Zaleen babesa
Biharko partidak ikusmin handia sortu du herrian, eta lehenengo kanporaketatik zaleen zein gainontzeko herritarren babesa izan du klubak.
Hala, bihar arratsaldean, zaleak Biltoki tabernatik kalejiran irtengo dira Urbietarantz. Hitzordua 18:00etarako ipini dute.
Halaber, Athletic-eko Piratak peñako kideak ere Gernika-Lumon egongo dira, talde gernikarrari beraien babesa erakusteko asmoz.
Klubaren Picasso tabernan elkartuko dira, 18:00etan, eta Gernika futbol taldeko kamiseta zuria soinean daukatela abiatuko dira futbol zelaira.
Badakite, orain dela bi asteko Mercadalen kontrako neurketan bezala, afizioaren laguntza izango dutela. Gainera, oraingoan jende gehiago batzea espero dute. Izan ere, aurrekoan Athletic-ek kopako finala jokatu zuen Bartzelonan (Herrialde Katalanak), eta bertoko zale asko joan ziren hara. «Orain dela bi aste inoiz ez bezala animatu zuten taldea, eta oraingoan babes handiagoa espero dugu», zehaztu du entrenatzaileak.