
Orain dela bi aste jokatu zuten lehenengo kanporaketako bueltako partida Urbietan.
Urbieta futbol zelaian, 19:00etan hasiko da bi taldeen arteko neurketa.
Aurretik, zaleak Biltoki tabernatik kalejiran irtengo dira Urbietarantz. 18:00etan ipini dute hitzordua.
Halaber, Athletic-eko Piratak peñako kideak ere Gernika-Lumon egongo dira, talde gernikarrari haien babesa erakusteko. Klubaren Picasso tabernan elkartuko dira, 18:00etan, eta Gernika fubtol taldeko kamiseta zuria soinean dutela abiatuko dira futbol zelaira.
Aurreko zapatuan, Gernikak 2-0 galdu zuen Jerez futbol taldearen zelaian. Jabi Luaces entrenatzailearen berbetan, “merezi genuena baino kaltegarriagoa da emaitza, partidako 70. minutuak kontrolpean izan genituen, baina, hutsegite bat egin eta gogor ordaindu genuen”.
Luacesek azaldu duenez, gernikarrek partida irabazteko meritu gehiago egin zituzten, eta aurkariak lehenengo gola egin ostean, berdinketaren bila “prezipitatu” zirela aitortu du.
Kanporaketa pasatzeko gogotsu
Kanporaketa maldan gora dute, eta badakite emaitza horri buelta ematea zaila izango dela, baina, ez ezinezkoa. Horregatik, Bigarren B mailara igotzeko bidean, bigarren kanporaketa hau gainditzeko jokalariek haien esku dagoen guztia egingo dute.
Entrenatzaileak taldeak joaneko emaitzari buelta emateko “ahalmena” baduela nabarmendu du: “Taldearen kalitateagaz eta jokalariek duten gogoagaz, partida irabazi eta kanporaketa pasatzeko gai gara”.
Badakite, orain dela bi asteko Mercadalen kontrako neurketan bezala, afizioaren laguntza izango dutela. Gainera, oraingoan jende gehiago egotea espero dute. Izan ere, aurrekoan Athletic-ek kopako finala jokatu zuen Bartzelonan (Herrialde Katalanak), eta bertoko zale asko joan ziren hara. “Orain dela bi aste inoiz ez bezala animatu zuten taldea, eta oraingoan babes gehiago espero dugu”, zehaztu du entrenatzaileak.
Hala, jokalariek gogotik lan egin beharko dute: “Joanekotik hobetzeko gauzak badaude, eta kontzientzia hartuta jokatu beharko dugu, ezin dugu hutsegite bakar bat ere egin”. Halaber, Luacesek uste du, aurreko astean ez bezala, oraingo honetan etxeko futbol zelaiak gernikarrei “mesede” egingo diela, eta hala, aurkariaren kalterako izatea espero du.
Izan ere, joanekoan Jerez taldearen futbol zelaiaren egoera “kaskarrak” eragin zuzena izan zuen gernikarren jokoan: “gure jokoa egiten ez zigun utzi, epaileak ere aktan idatzita utzi zuen”.