
Joste eguna Ean
Nazioa gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Hiru oinarri horiek zehaztu zituzten Gure Esku Dago dinamikaren sorreran, eta ekainaren 21ean Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Baionan aldarrikatuko dituzte, berriro. “Gaur hautestontzia, bihar erabakia” lelopean, hautestontzi erraldoiak irudikatuko dituzte. Gainera, hiriburuetan bat egingo dute herriaz herri prestatzen ari diren oihal denak. Bizkaitarrak Bilbon dute oihal katea egiteko hitzordua, 12:00etatik12:30era, Euskalduna zubia eta Areatza artean. Busturialdeko herritarrei, hain zuzen, Salbe zubitik zubizurira bitartean ibaiaren eskuinaldean egoteko eskatu die Gure Esku Dago ekimenak.
Katea egin ostean, egun osoko egitarauak biltzen dituen ekitaldietan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek: kontzertuak, bertso saioak, haurrentzako puzgarriak, tailerrak, erromeria…
16:30ean zabalduko dituzte San Mames Berriako ateak, eta 17:30ean hasiko da ekitaldi nagusia. Amaitzeko, musika emanaldi berezia izango da San Mamesen. Oxabi erromeriagaz batera, oholtza gainean izango dira Francis (Doctor Deseo), Alex Sardui (Gatibu), Ibon Altuna (Itziarren Semeak), Miren Amuriza, Mikel Martinez eta Patxo Telleria, dantzariak, magoak…
San Mameseko ekitaldian izan gura duenak sarrera erosi beharko du aldez aurretik. Gernika-Lumon Gure Esku Dago-ren dendan eskuratu daitezke; baita Batzokian, Arrano tabernan, Lagun-Etxean, Auzokoan, Aterpen eta Ipar tabernan. Bermeon, zapatuan Lameran izango dira jostunak, 13:00etan, eta sarrerak erostek aukera ere izango dute herritarrek. Halaber, Kabidxen, Bed’s koltxoi dendan eta Zubi Gane tabernan ere eros daitezke sarrerak.
Eskualdeko gainontzeko herrietan, Gure Esku Dinamikarekin lanean ari direnei eska dakieke informazioa, sarrerak nun eta zelan erosi jakiteko.