
Bermeoko Ermiten 16. martxari goizean goizetik ekingo diete herritarrek. Bi ibilbide izango dituzte aukeran: Betikue eta Bermeoko Muga.
Azken hori izango da martxarik luzeena, 42 kilometrotakoa, eta 1.800 metroko desnibelduna. Bertako partaideak, domekan, 07:00etan irtengo dira Taraska plazatik.
Aurtengo berrikuntza Bermeoko Muga martxa izango da, eta Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien 14. zirkuituaren barruan kokatu dute.
Bestalde, Betikue egitera doazenek, 08:00etan dute hitzordua Taraska plazan. Horiek 31 kilometroko ibilbidea burutuko dute, 1.450 metroko desnibelagaz.
Martxa labur zein luzekoek, Kantauri itsasoari begirik kendu barik, udalerriko ermitarik ermita, paisaia ederrez gozatzeko aukera izango dute.
Besteak beste, honako ermitetatik pasatuko dira: Gaztelugatxe, San Migel, Mañu, Aingeru Guardie, Almike eta Demiku. Parte hartzaileentzat, bilbidean zehar, beharrezko osasun zerbitzuak eta anoa postu solido zein likidoak egongo dira. Gainera, amaieran, gura duenak dutxatzeko aukera edukiko du.
Izena eman, eta ibilbide osoa egiten duten guztiak jasoko dituzte amaieran Campos kontserbek eskainitako produktuak eta Busturiko Madariaga Dorretxea doan bisitatzeko txartel bana.
Bermeoko Mendizale taldeak antolatzen du ermiten inguruko martxa, eta edozein zalantza argitzeko
info@sollube707.com emailera idazteko eskatu dute.