Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuko artikuluak idazteko deialdi publikoa ere zabaldu dute

Iazko hiru kartel finalistak
Bermeoko Jai Batzordea 2015eko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko kartel bila dabil. Kartela lehiaketa bidez aukeratuko dute eta proposamenak aurkezteko azken eguna ekainaren 18a izango da.
Lehiaketara aurkezten dituzten kartel guztiak jarriko dituzte ikusgai, ekainaren 19tik 28ra, Nestor Basterretxea aretoan egingo den erakusketan. Epaimahaiak kartel finalistak aukeratuko ditu eta horiek nabarmenduko dituzte Nestor Basterretxea aretoan. Ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko zaie. Bi modutan eman ahalko dute botoa: aretoan jarriko den kutxa batean botoa emanez ala facebook bitartez. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahalko du eta jaiak iragarriko duen kartela boto gehien jasotzen dituena izango da. lanaren egileak 600 euroko saria jasoko du.
Aurkezten diren kartel proposamenak, derrigorrez, 52×70 zentimetro izan beharko dituzte eta edozein teknika erabili daiteke; betiere,
BERMEOKO JAIAK 2015. Irailaren 7tik 16ra leloa eramango duelarik. Kartela ordenagailuz egiten dutenek, inprimatutako kartelaz gain, euskarri informatikoa (CD) ere aurkeztu beharko dute. Lanak Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu beharko dira egilearen izenik gabe eta guztiak izenburuagaz. Izenburu bera jarri beharko dute gutun azal itxi batean, eta horregaz batera idatzi beharko dituzte egilearen datuak barruan.
Informazio gehiagorako Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxera edo Berh@az bulegora jo daiteke.
Jaietako libururako testuak
Bestalde, Bermeoko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailak 2015eko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuan argitaratuko diren artikuluak idazteko eta argitaratzeko deialdi publikoa egiten du aurton, lehenengoz. Azaldu dutenez, “herri mailako sorkuntza, berrikuntza, tradizioa, kultura eta jakituria bultzatzea eta zabaltzea da helburua, sortzaileei euren lanak ezagutarazteko aukera emateaz gain”.
16 urtetik gora dituzten herritarrek parte har dezakete. Lanak bermeotarrek zein Bermeon bizi direnek aurkeztu ahalko dituzte. Kondairak, istorioak, gertaerak, kontakizunak, ipuinak…aurkez daitezke eta hainbat dira aukeran dauden gaiak: antropologia, folklorea, hizkuntza, historia, kultura, artea, musika…
Lan bakoitzak, gehienez, 10.000 karaktere izan dezake, hutsuneak barne.Testua argazkiekaz osatzen bada, orri bat gehiago izan dezake, 5 orri.
Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztu ahalko ditu. Lan bakoitzak izenburu bat eduki beharko du eta testuagaz batera, egilearen datuak azaldu beharko dira. Paperean eta euskarri informatikoan (word formatuan) aurkeztu beharko dira lanak Gizarte eta Kultura Etxean ekainaren 29a baino lehen.
Jakinarazi dutenez, jatorriz euskaraz idatzitako lanak lehenetsiko dituzte, gaztelaniaz argitaratuko diren lanen orri kopurua, gehienez ere, %25 izango da.
Egileek ez dute ordainsaririk jasoko lanengatik.