
Beste urte batez, Txistu Alardeak musikarekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du zapatuan, Bermeoko Artza frontoian, 20:00etatik aurrera. Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatzen duen Txistu Alardearen hamalaugarren aldia da eta 60 musikari eta dantzari ingururen parte hartzea izango da. Aurtengo gonbidatua Iñigo Iriondo rap abeslari bermeotarra izango da.
Ohi legez, hainbat taldek parte hartuko dute Txistu Alardean: Udalaren Musika Eskolako txistulariak, koroak eta musikariak, Bizkaiko Musika Eskolako txistulariak eta Kankinkabara txistu taldea, Ondarrroako Metal taldeak, txalapartariak eta irrintzilariak. Horiez gain, dantzariak ere izango dira, Alkartasuna Dantza Taldea eta Javier Setienen dantza eskolako dantzariak, besteak beste.
Rap musika eta txistua
Urtero berritasunak sartzen saiatzen direla azaldu dute antolatzaileek. Hala, aurten, txistuaren doinuak eta rap musika estiloa uztartuko dituzte. Gatom taldeko Iñigo Iriondo bermeotarraren hiru abesti aukeratu dituzte horretarako:
Duintasun martxak,
Especie de extincion eta
Euskalakari. Txistuarekin bere kantuak abesten “eroso” sentitu dela esan du Iriondok, “inoiz horrelakorik entzun ez dela eta”, herritarrak Txistu Alardera hurbiltzera gonbidatu ditu.
Alardeko errepertorioan ere berritasunak izango direla aipatu du Txistu Alardeko zuzendari Iban Ibarretxek. Aipamen berezia egin gura izan dio zapatuan estreinatuko duten
Alkartasuna biribilketari. Jakinarazi duenez, Hodei Urrutxua Musika Eskolako ikasle ohi bermeotarrak idatzitako biribilketa da. 2002an idatzi zuen Alkartasuna Dantza Taldearentzako, hain zuzen ere. Konposaketak ukitu modernoak dituela azaldu du Ibarretxek.
Bestalde, Asier Ormaza ikasleak eta Ibarretxe zuzendariak sortutako
Arrantzaleen Banakoa obra ere entzungai izango da zapatuan.
Musikaren ondarea berreskurate aldera, berriz, Jose Antonio Egia musikariaren beste obra bat berreskuratu dute artxibotik, eta aurtengo Txistu Alardearen errepertorioan sartu dute,
Zatoz Nigana tangoa, hain zuzen ere. Javier Setien dantza eskolako dantzariek jarriko dizkiote obrari pausoak, tangoa dantzatuta.
Esti Arrizabalaga Musika Eskolako zuzendariak azaldu duenez, helburua “herriko kantak berreskuratzea, erakustea eta plazaratzea da”. Hala, banda modura egon diren abestiak beste estilo batzuetara moldatzen saiatzen direla esan du.
“Ilusio eta gogo handiz” prestatu du Musika Eskolak zapatuan taularatuko duten egitaraua. Hortaz, herriko zein eskualdeko musikazale guztiak gonbidatu dituzte Txistu Alardera. Sarrera dohainik da.