Ariatzatik Ariatzara mendi martxa zapatu honetan egingo dute
Muxikako Ariatza auzoan zapatu goizean egingo dute Ariatzatik Ariatzara mendi martxa. Urtero moduan, oraingo honetan ere, martxa edo lasterketa egiteko aukera egongo da. Hain zuzen ere, Urdaibai Kopako bosgarren proba puntuagarria izango da zapatukoa.A...
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, eguena da webgunearen bidez izena emateko azkenengo eguna. Internetez izena emateko asmoa dutenek Saragia kultur elkartearen www.saragia.org web orrialdean eman behar dute izena. Hala, orrialde horretan topatuko dute martxaren zein lasterketaren inguruko informazio guztia. Halaber, urdaibaikopa. arrolape.com helbidean ere eman daiteke izena lasterketarako. Martxarako aurretik izena ematen dutenek 10 euro ordaindu behar dituzte.
Lasterketarako aurretiko izen ematea egiten dutenen artean, federatuta daudenek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuak ez diren korrikalariek, berriz, 15 euro. Hala ere, egunean bertan ere eman ahalko da izena.
Zapatuan izena ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Hau da, martxako zein lasterketako partaideek prezio bera ordaindu beharko dute egunean bertan.
Ia 20 kilometro
Ariatzako plazan hasi eta amaituko dute ibilbidea. Handik 08:30ean irtengo dira martxa egitera doazen partaideak. Lasterketako parte hartzaileek, ostera, 09:30ean ekingo diote lehiari.
Denek 19,5 kilometroko ibilbidea egingo dute, 1.200 metroko desnibelagaz.