Naiara Diezek kontratua berritu du Gernika Bizkaia taldeagaz
Jokalari nafarra taldeko kapitaina izango da datorren denboraldian ere, eta ohore handia dela nabarmendu du. Klubean hirugarren denboraldia beteko du aurtenNaiara Diez Altsasuko jokalariak Gernika Bizkaian jarraituko du datorren denboraldian. Kontratua...
Jokalari nafarra taldeko kapitaina izango da datorren denboraldian ere, eta ohore handia dela nabarmendu du. Klubean hirugarren denboraldia beteko du aurten
Naiara Diez Altsasuko jokalariak Gernika Bizkaian jarraituko du datorren denboraldian. Kontratua berrituta, hirugarren denboraldia egingo du Gernika-Lumoko klubean.2014-2015 denboraldian taldeko kapitaina izan da altsasuarra, Judith Monasteriogaz batera. Taldean jokalari moduan hazi da, eta jokalari garrantzitsuenetako bat bilakatu da.
Jokalari nafarrak azaldu duenez, erabaki erraza izan da: «Hemen oso gustura nago, eta hau izan da nire lehenengo aukera, hemen dena daukat, eta nire bigarren etxea bihurtu da».
Hurrengo denboraldiari begira, taldea prestatzen dabil Gernika Bizkaiako zuzendaritza taldea. Hain zuzen ere, aurreko astean Mario Lopez entrenatzaile gernikarrari kontratua berritu ostean, Diezena bigarren kontratu berritzea izan da.
Klubarentzat «lehentasuna» izan da Diezen kontratu luzapena, eta Lopez entrenatzaileak jokalariaren lan bikaina nabarmendu du: «Naiara gure kapitaina da, aldagelako termometroa, eta taldearen lanaren eta umiltasunaren balioen erakusgarri da».
2014-2015 denboraldia seigarren amaitu zuen Gernika Bizkaiak. Diezek badaki datorren denboraldian aurrekoan lortutakoa berdintzea zaila izango dela, eta «hankak lurrean» izan behar dituztela: «Denboraldia espero genuena baino hobea izan zen, eta bigarren urtean kluba kategorian finkatzea lortu behar dugu». Aurrekoa berdintzea «konplexua» izango dela dio, eta helburu nagusia mailari eustea dela: «Taldea osatuko dugun jokalarion arabera, helburu batzuk edo beste batzuk edukiko ditugu, baina, edonola ere, helburu nagusia mailan mantentzea izango da».
Etxean modura
Bestalde, taldeko kapitaina izatea «ohore handia» dela dio, «harro» egoteko moduko ardura: «Ez dut presiorik sentitzen, Mariok etxean bezala sentitzen naizen taldean ardura hori eman izana ohore bat da».
Halaber, aurreko urteetan Ane Mugira eta Judith Monasterio taldekideengandik «asko» ikasi duela azpimarratu du: «Nire lehenengo denboraldian Anerengandik asko ikasi nuen, bai eta aurrekoan ere, Judithen aldamenean». Hala, etxeko jokalari asko dauden talde batean kapitaintza eramatea «oso erraza» dela adierazi du.
Eta oporretan egon arren, datorren astean Euskadiko selekzioagaz entrenatu eta jokatuko du altsasuarrak.