Kortazarrek eta Bernedok irabazi dute Arnoko XI. Mendi lasterketa
Oihana Kortazar mutrikuarra eta Jose Mari Bernedo eibartarra nagusitu dira Arnoko XI. mendi lasterketan. Bernedok ordubete, 41 minutu eta 5 segundo behar izan zituen 22 kilometro pasatxoko ibilbidea egiteko, eta Kortazarrek, aldiz, ordutebete, 50 minut...
Korrikalari mutrikuarrak sasoiko dagoela erakutsi du, eta mendi lasterketako errekor berria ezarri du. 2011n ezarritako marka zortzi minutuan hobetzea lortu du. «Nire helburua, egia esan, ez zen errekorra egitea. Ibilbide horretan entrenatzen dut, eta entrenamendu on bat bezala hartu nuen. Beste urte batzuetako denborak erreferentzia modura hartuta, horiek hobetzen saiatu nintzen».
Era berean, aspaldiko partez herrian korrika egitea polita izan dela nabarmendu du. «Azkenekoz 2011n egin nuen korrika, eta orduz geroztik, ezin etorrita ibili naiz. Aurten ez nuen inongo konpromisorik, eta parte hartzea erabaki dut».
Sailkapen orokorrari dagokionez, bertoko kirolariak ere aurrean ibili ziren. Hirugarren helmugaratu zen, esaterako, Joseba Plaza markina-xemeindarra. Lehen mutrikuarrak, ordea, Xabi Astigarraga eta Maite Aipurua izan ziren. Astigarragak ordubete, 50 minutu eta 32 segundo behar izan zituen, eta Aizpuruak, bestalde, bi ordu, 15 minutu eta 41 segundo.
Oinezkoen mendi martxari dagokionez, orain arteko parte hartzerik handiena egon dela jakinarazi du Burumendi Mendizale Elkarteak. 250 pertsona inguru espero zituzten, baina aurreikuspenak apurtu, eta 277 pertsonak parte hartu dute aurten. Korrikan egin dutenak, aldiz, aurten zer edo zer gutxiago izan dira: 75.
Burumendiko kideak, oro har, pozik geratu dira. «Giroa primerakoa izan zen, eta ez zen inongo eragozpenik egon. Horrez gain, eguraldi ona egin zuen, mendian ibiltzeko egokia».
Lasterketa ondorengo sari banaketan ere giro ona nagusi izan zen Mutrikuko Goiko Plazan. Eguerdira arte plaza eta inguruak jendez bete-beteta egon zirela nabarmendu dute antolatzaileek.