Zinema proiektore digitala jarriko dute Nestor Basterretxea aretoan
Hori dela eta, denboraldi batean pelikularik ikusteko aukerarik ez da egongo herrian. Jakinarazi dutenez, urrian emango diote hasiera zinema denboraldi berriari, behin prozesua amaituta.
Bermeoko Udalatik azaldu dutenaren arabera, gaur egun Nestor Basterretxe aretoan dagoen proiektorea «zaharra» da, hain zuzen ere, 35 mm-koa dela diote. Hala, herrian «pelikula berriak eta berritasunak estreinalditik eta denbora gutxira eduki ahal izateko, eta programazio erakargarria eskaini ahal izateko», Nestor Basterretxea aretoko kabinak proiektore digitala «beharrezkoa» duela uste dute.
Horretarako, baina, prozesu bat behar du eta udala hori garatzen hasia da jada. Behin prozesua amaituta, denboraldi berriarekin batera, «umeei zein nagusiei zuzendutako pelikulak eskainiko dituzte astebururo» Nestor Basterretxea aretoan. Udalaren arabera, «pelikula berrienak izango dira, izan ere, zinema proiektore berriak estreinaldia izan eta denbora oso laburrera, berritasunak Bermeon edukitzea ahalbidetuko du».
Nestor Basterretxea aretoa, hortaz, «aro berri» batean sartuko da urrian, eta udaletik aurreratu dutenez, zinemako bazkideak egiteko kanpaina bat martxan jartzea aurreikusten da. Kanpaina horren bitartez, batetik, ikusleak fidelizatu gura dira, eta bestetik, zinemara joateko ohitura berpiztu gura dela adierazi dute.