Bigarren B mailara igotzeko bidean, Badajozeko (Extremadura, Espainia) taldea izango da Gernika fubol taldearen aurkaria bigarren kanporaketan.
Joanekoa kanpoan jokatuko dute asteburu honetan. Zapatuan, 18:30ean hasiko da bi taldeen arteko norgehiagoka. Bueltakoa, berriz, Urbietan izango da hurrengo asteburuan.
Zapatuan Urbietan jokatu zuten lehen kanporaketako bueltako partiduan 3-1 nagusitu zen etxeko taldea. Joanekoan, 0-1 galdu zuten Mercadalen zelaian, eta Gernikan markagailuari buelta eman eta kanporaketa irabaztea lortu du.
0-1 galtzen hasi zen Gernika. 8. minutuan Xiscuk egin zuen kanpokoen gola. Hala ere, etxekoen erantzuna berehala etorri zen; handik pare bat minutura Etxabek banako berdinketaren gola sartu baitzuen.
Segituan Zarandonak ere izan zuen gola egiteko aukera, eta gero, Etxabek 32. minutuan jokoz kanpo sarturiko gola baliogabetu zuen epaileak. Erabaki horrek eztabaida eragin zuen jokalarien zein zaleen artean.
Hala, 41. minutuan heldu zen 2-1-ekoa; Etxabek sartu zuen penaltiz, eta markagailu horrekin heldu ziren atsedenaldira. Bigarren zatia ere emozioz beterik egon zen. Gernika hirugarrena sartzeko ekinean zebilen, eta aurkariak defentsa lan sendoa egin behar izan zuen. Hala, norgehiagoka amaitzeko hamar bat minuturen faltan, Larruzeak sartu zuen etxekoen hirugarren gola. Orduan lehertu zen festa, eta hortik aurrera minutuak zutik egin zituzten zale askok.
Mila ikusletik gora bildu ziren Urbietan, eta epaileak amaiera adieraztean, ume eta gaztetxoak zelaira irten ziren jokalariak zoriontzera.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.