Patioan izeneko kontakizunagatik irabazi du Arrate Egañak 2015eko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Antxiñe Mendizabalek osatutako epaimahaiak. Bermeoko bizilagunak 3.000 euroko saria jasoko du eta Elkar argitaletxeak, berriz, udazkenean argitaratuko du liburu irabazlea.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Mikel Zarate sariketa. Aurtengoa seigarren ekitaldia izan da eta hemeretzi lan aurkeztu dituzte. Epaimahaiaren arabera, ausardia erakutsi du Egañak gaia hautatzean, eta trebezia, gainera berori lantzerako orduan. Haurrentzako istorio batek eskatzen duen sinpletasunean idatzi duela diote, baina sinplekerian erori gabe.
Saria jaso duen
Patioan istorioak Malen izeneko neskatoa du protagonista. Eskolako jolas orduan, mutilak patioan futbolean ari direnean, patioaren erdian jartzea erabakitzen du protagonistak, hortxe egon gura duelako. Malenen jarrerak, baina, hainbat arazo sortuko ditu, eta horren aurrean modu batera nahiz bestera erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek…
1963an Errenterian jaio zan Arrate Egana, egun, hala ere, Bermeon bizi da. Idazleak eskarmentu handia du literaturan, eta haurrentzako zein helduentzako ipuin bildumak kaleratu ditu azken urteetan. Estareko, helduentzako,
Paradisua ipuin-bilduma idatzi du. Umeentzako, berriz, hainbat istorio idatzi ditu, besteren artean,
Kixmi elurpean,
Hizkuntza sekretuak,
Giltza eta
Simon ipuinen munduan.
Gainera, aurtengo Mikel Zarate saria ez da Egañak irabazi duen sari bakarra, sari ugari irabazi baititu: Baporea nahiz Lizardi haur literaturakoak, Kutxa antzerki saria, Gabriel Aresti ipuin lehiaketa…