Mimetismoa azaleraziz
Zortzi argazkilariren lanak batu ditu oraingoan Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, 'Elkarrekin' izeneko erakusketan. Animalien bizirauteko estrategiak dakartzate begi bistara.Zortzi argazkilariren objektiboak naturaren elkarrekintzak betikotzeko asmoz...
Zortzi argazkilariren lanak batu ditu oraingoan Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, ‘Elkarrekin’ izeneko erakusketan. Animalien bizirauteko estrategiak dakartzate begi bistara.
Zortzi argazkilariren objektiboak naturaren elkarrekintzak betikotzeko asmoz. Zortzi artista, eta hainbat lan. Elkarrekin: naturako elkarrekintzak izeneko erakusketa hartu du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, Madariaga Dorretxean. Felix Aguado, Antton Alberdi, Pedro Aierbe, Nano Cordovilla, Alex Iturrate, Iñaki Mezquita, Jose Maria Llavori, Luis Llavori eta Felix Urrutia. Abuztuaren 30a bitartean, zortzi argazkilari horien lanak izango dira ikusgai.Hain zuzen, 30 argazkik osatzen dute Madariaga Dorretxean dagoen lagina. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzarako zuzendari Amaia Barredoren hitzetan, Euskal Herriko biodibertsitatea eta organismo ezberdinek osatzen duten erlazioa erakustea da helburua. Espezie batzuen inguruagaz mimetizatzeko ahalmena edo kolorea erabiliz, beste harraparien espezie batzuei beraien arriskua erakusteko gaitasuna bizirauteko estrategia modura. Hori erakutsi gura dute erakusketak biltzen dituen zortzi argazkilari horien lanek.
Naturan, elkarrekintzan
Hainbat naturzale gaztek 2006an sortutako Euskalnatura proiektuko kideak dira erakusketaren egileak diren zortzi argazkilariak. Natura ez da elkarri begiratzen ez dioten piezez osaturiko xake-taula. Talde horrek erakusketa horri buruz dioenez, «natura elkarregaz dauden eta elkar ekiten ari diren milaka organismok osaturiko sare konplexu eta miresgarria da. Elkar usaindu, elkar ikusi, elkar kitzikatu, elkar beldurtu, elkar ekin, azken finean». Argazki erakusketa horren helburua, Euskal Herriko biodibertsitatea ezagutarazteaz gain, dibertsitate hori osatzen duten bizidunen arteko erlazioak azaltzea dela dio Euskalnaturak, «ez baitu inongo zentzurik espezieak banan-banan aipatzeak, inguruko organismoekin dituzten harremanak alde batera uzten badira, bederen».
Teknika ezberdinak
Madariaga Dorretxeko lanek, gainera, espezie ezberdinek mimetizatzeko dituzten gaitasun eta teknikak dakartzate bisitariaren begi bistara: ugaztunetik hasi eta intsektuetara, bai eta animalia itsastarrak ere.
Besteak beste, elorri zuriko tximeleta, arabazozo pikartak, loreetako karramarro-armiarma, supizteko ardagaia, sorgin-orratz iberiarra, xylaria carpophila, uretako akaroak, phalera bucephala, ezpara emea, landa-zimitz berdea, xanthoria parietina, hypholoma fascicularea, martin arrantzalea, arrano sugezalea, empusa pennata, boga edota ataloaren mimetizatzeko modua erretratatu dituzte Euskalnaturako argazkilariek.
Argazkiok, gainera, teknika ezberdinak erabiliz ateratakoak direla azaldu dute erakusketaren antolatzaileek.