Asteburuan egingo dituzte Ziortzako kontzertuen lehenengo emanaldiak
Urtero moduan, Ziortzako monasterioan egingo dituzte musika saioak. Zapatuan Algarabia ahots eta musika tresnako taldeak emango dio hasiera aurtengo kontzertueiZiortzako monasterioan asteburu honetan eta hurrengoan egingo dituzte urteroko kontzertuak.A...
Urtero moduan, Ziortzako monasterioan egingo dituzte musika saioak. Zapatuan Algarabia ahots eta musika tresnako taldeak emango dio hasiera aurtengo kontzertuei
Ziortzako monasterioan asteburu honetan eta hurrengoan egingo dituzte urteroko kontzertuak.Asteburu honetan bi saio egingo dituzte. Zapatuan bertaratzen direnek, Algarabia ahots eta musika tresnako taldearen kontzertuaz gozatuko dute.
Domekan, ostera, Andres Cea organo jotzailearen emanaldia egongo da entzungai.
Bai zapatuko saioa bai eta domekakoa ere 18:00ak inguruan hasiko dira.
Algarabia lan-talde zabalak osatzen du: Maria del Barrio mezzosopranoa, Teresa Muñoz sopranoa eta biolin-barrokoa, Angel Montero organoa eta espineta, Maria Revuelta sopranoa, gitarra eta perkusioa, David Ortega baritonoa eta Esther Garcia ganba-biola.
Ziortza-Bolibarren De Clerigos, Sefardies y Trovadores programa aurkeztuko du taldeak. Hain zuzen ere, azken hamar urte inguruan landutako abestiak eramango dituzte Ziortza-Bolibarrera.
Algarabiako kideek diotenez, «errezitaldia Espainiako musikatik egindako ibilbidea da, Erdi Arotik XVIII. mendera arte, eta arreta berezia jartzen zaio musika sefardiari, gure taldearen bereizgarri izan delako beti».
Izan ere, 2003.urtean, antzinako musika eta musika sefardia zabaltzeko helburuagaz sortu zuten taldea.
Bestalde, domekan Andres Cea Galan organo jotzailearen saioa izango da entzungai. Madrilgo (Espainia) Unibertsitate Konplutenseko doktorea da. XVII. eta XVIII. mendeko musikaren interpretazioan espezializatuta dago.
Nazioarteko mailakoa
Espainian, Frantzian eta Suitzan organo jotzaile onenen eskutik ikasi zuen ogibidea Cea, eta nazioarte mailako musikari entzutetsu askogaz elkarlanean aritutakoa da.
Argitalpen eta disko grabaketa asko egiteaz gain, hitzaldiak eta ikastaroak ematen ibiltzen da, bai eta zenbait erakunderen organoak berritzeko proiektuetan ere, aholkulari. Besteak beste, Espainian, Ecijako Luis Velez de Guevara izeneko Zientzia, Arte eta Letra Onen Errege Akademiako kidea, Andaluziako organo Akademiako zuzendaria, Sevillako Goi Mailako Errege Musika Kontserbatorioan akustikako irakaslea eta Cuencako Ordenako Julian Organoko Nazioarteko Akademiako irakaslea da.