Gernika Ueman izatearen aldeko sinadurak biltzen jarraituko du EHEk
Dagoeneko herritarrek egindako 60 eskaera batu eta Gernika-Lumoko udaletxean aurkeztu ditu EHEk. Alderdi politikoekin ere batzarrak egin dituzteUdala eta biok euskaraz izeneko kanpainagaz jarraituko du Euskal Herrian Euskarazek (EHE) Gernika-Lumon. Ora...
Dagoeneko herritarrek egindako 60 eskaera batu eta Gernika-Lumoko udaletxean aurkeztu ditu EHEk. Alderdi politikoekin ere batzarrak egin dituzte
Udala eta biok euskaraz izeneko kanpainagaz jarraituko du Euskal Herrian Euskarazek (EHE) Gernika-Lumon. Orain zenbait hilabete hasi zuten kanpaina hori, Gernika-Lumo Uemaren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) barruan izatearen alde. Eskari hori, baina, herritarrengandik ateratzea garrantzitsua ikusi zuen talde euskaltzaleak. Hori dela eta, sinadura bilketa hasi zuen, norbanakoek eskaera hori egin eta sinatu zezaten.Dagoeneko 60 sinaduraa batu ditu Euskal Herrian Euskarazek, eta horiek denak Gernika-Lumoko udaletxean aurkeztu zituen, joan den astean.
Hala ere, aurrerantzean sinadura gehiago batuko dituztela azaldu du EHEko kide Pernan Basterretxeak.
EHEko kidearen esanetan, Euskal Herri euskaldun baten aldeko arnasguneen bilgune bat da Uema. Hain zuzen ere, euskaraz bizi diren guneen bilgunea dela dio.
Alderdi politikoekin bilera
Gaur egun, Busturialdean, lau udalerri dira Uemako kide: Muxika, Busturia, Bermeo eta Ajangiz. Hego Euskal Herrian, guztira, 69 dira.
Gernika-Lumoren kasuan, Uemako kide izateko baldintzak betetzen dituela azaldu du EHEk. Hori dela eta, herritarrei begira hasitako kanpainaz gain, alderdi politikoekin bilerak ere egin dituzte. Hain zuzen, Gernika-Lumo Uema barruan egoteak hizkuntza normalkuntzan pausoak emateari lagunduko liokeela azaldu die EHEk Eusko Alderdi Jeltzalearen eta EH Bilduren ordezkariei. Bai alderdi batek zein besteak, aukera hori hausnartu eta aztertu beharrekoa dela erantzun dute. Dena den, hauteskundeen ostean ere udal arduradunekin biltzeko asmoa agertu du EHEk, berriro ere, Gernika-Lumok Uemagaz bat egitearen garrantzia azaltzeko.
Bat egiteko deia
Udalei ez ezik, Uemak herritarrei ere laguntza ematen diela azaldu du Basterretxeak, «euskararen aldeko sentsibilizazio kanpainak egiteko, besteak beste». Halaber, herrietako euskalgintzagaz, alfabetatzean eta euskalduntzean lan egiten duten AEKgaz edota udal euskaltegiekin ere lan egiten duela esan du. «Oro har, herrian euskaraz bizitzeko eta lan egiteko laguntasuna ematen du, bai arlo publikoan zein pribatuan».
Horrenbestez, Udala eta biok euskaraz kanpainagaz bat egiteko eta dokumentua sinatzeko deia egin die Euskal Herrian Euskarazek gernikarrei. Idazkiak Seber Altube ikastolan, AEKn, Udal euskaltegian, Astran edota HITZAren bulegoan sinatu daitezke.