Garaldek eta Eizagirrek jantzi dute Piker txapela
Mutrikuko Danok Bat pelotazale elkarteak antolatutako Oroimenezko VI. Piker pala txapelketa herrikoia Xabi Garaldek eta Xabi Eizagirrek irabazi dute. 30-22 irabazi zien Igorrek eta Ibonek osaturiko bikoteari.Faboritoak Igor eta Ibon baziren ere, ezin i...
Faboritoak Igor eta Ibon baziren ere, ezin izan zuten txapela eskuratu. Partida gogorra eta interesgarria jokatu zuten bi bikoteek, eta txapeldunek lana gogoz egin behar izan zuten aurkaria mendean hartzeko. Lehen tantoetatik aurretik ibili ziren Garalde eta Eizagirre, eta partida amaitzeraino abantaila horri eustea lortu zuten. Irabazleek gehiago arriskatu zuten, eta ondorioz, txapela irabaztea lortu zuten.
Hasieratik aurretik
Hirugarren postua lortzeko partida ere, nahikoa estua izan zen. Partida luzea eta gogorra jokatu zuten Josemik eta Ametzak osatutako bikoteak Manzisidorren eta Illarraren aurka.
Partida hasieratik Josemi eta Ametza markagailuan aurretik hasi ziren, eta abantaila horri eustea lortu zuten azkeneraino; 30-23 irabazi zuten. Manzisidor eta Illarra gogor saiatu baziren ere, ez zuten asmatu.
Lehia alde batera utzita, Oroimenezko VI. Piker pala txapelketa herrikoian parte hartu duten guztiek bazkaritan eman zioten amaiera egunari. Datorren urtera begira ere, antolatzaileek txapelketa egiteko asmoa agertu dute. «Gure asmoa txapelketa antolatzen jarraitzea da», nabarmendu du Jose Mari Manzisidor Danok Bat elkarteko kideak.
Era berean, aurten parte hartu duten 11 bikoteei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete antolatzaileek. «Guretzat oso pozgarria da herri txapelketa hau antolatzea. Urtez urte bikoteak gehitzen ari dira, eta gure moduko herri batentzat ez da batere marka txarra».