Aurrerako eta Lekeitioko nagusiek goi-goitik ospatu dituzte igoerak
Ondarrutarren kasuan, jokalariak eta talde teknikoa gabarran jaitsi ziren Artibai errekan. Lekeitiarrak kamioi gainean atera ziren igoera herritarrekin batera ospatzeraZapatuan egun handiak bizi izan zituzten Ondarroan eta Lekeition. Izan ere, bi herri...
Ondarrutarren kasuan, jokalariak eta talde teknikoa gabarran jaitsi ziren Artibai errekan. Lekeitiarrak kamioi gainean atera ziren igoera herritarrekin batera ospatzera
Zapatuan egun handiak bizi izan zituzten Ondarroan eta Lekeition. Izan ere, bi herrietako nagusien futbol taldeak mailaz igo dira, eta ospakizun handiak egin zituzten herritarrekin batera.Ondarrutarren kasuan, goizetik hasi zituzten ospakizunak. Udalbatzak harrera berezia egin zien eguerdian jokalariei eta talde teknikoari, eta arratsaldean, denboraldiko azken partida jokatu zuten Aretxabaletaren aurka. Bina berdindu zuten, eta ostean jarraitu zuten ospakizunek, Javier Azpiazu Gipuzkoako futbol Federazioko batzordekidearen eskutik txapeldunen kopa jaso eta gero.
Kopa eskuetan, zoramena nagusitu zen Zaldupeko berdegunean. Kide guztiek musukatu eta altzatu zuten kopa preziatua zaleen gozamenerako. Zaldupetik herrirako bidea gabarran egin zuten. Orain 29 urte egin modura, Artibai errekan behera abiatu ziren jokalariak eta talde teknikoa, bandagaz batera. Ospakizunak alde zaharrean amaitu zituzten.
Azkena erabakiorra
Lekeition ere, giro onean ospatu zuten ohorezko mailarako igoera. Begoñaren aurkako partidaren ostean, jokalariek eta talde teknikoko kideek kamioi baten gainean egin zituzten ospakizunak.
Euria ari bazuen ere, zaleek pozarren txalotu zituzten, kalez kale, jokalariak. Denek ere, Manex Gorostiza min hartutako taldekidea gogoan eduki zuten kamioian jarritako pankartetan.
Mutrikuri dagokionez, bestalde, zapatuan Orion 17:00etan jokatuko den partidan erabaki daiteke Ohorezko mailarako igoera. Aurreko zapatuan Orioren aurka etxean husna berdindu eta gero, itxaropentsu daude mutrikuarrak. «Gure helburua golik ez jasotzea zen, eta hori lortu dugu. Abantaila horrekin, Orion puntuatu eta irabazteko ahaleginak egingo ditugu. Hala ere, azken partida horretan zaleen bultzada beharrezkoa dugu». Oriora joan nahi duten zaleentzako autobusa antolatu du klubak. «Nahi duten guztiek aurretiaz izena emateko aukera izango dute klubean bertan edo gutako batengana etorrita».