Busturialdeko 17 herritan EAJ nagusitu da Batzar Nagusietarako
Muxikan, Ean eta Nabarnizen EH Bilduren aldeko botoak gehiago izan dira. Podemos Ahal Duguk herri guztietan izan du botoren bat edo besteBusturialdea osatzen duten 20 herrietatik, 17tan nagusitu da EAJ Bizkaiko Batzar Nagusietarako, Muxikan, Ean eta Na...
Muxikan, Ean eta Nabarnizen EH Bilduren aldeko botoak gehiago izan dira. Podemos Ahal Duguk herri guztietan izan du botoren bat edo beste
Busturialdea osatzen duten 20 herrietatik, 17tan nagusitu da EAJ Bizkaiko Batzar Nagusietarako, Muxikan, Ean eta Nabarnizen izan ezik. Hiru horietan, EH Bildu nagusitu da. Eskualde osoa kontuan izanik, 12.527 boto izan dituzte jeltzaleek. Aipatzekoa da, gainera, gehiago ala gutxiago, herri denetan Podemosek botoren bat lortu duela.Jeltzaleek ez dute ezustekorik izan Bizkaian, eta hauteskundeak irabazi dituzte. Aldaketa ez da iritsi, beraz, Bizkaiko Batzar Nagusietara. Datozen lau urteetan, gainera, orain arte baino batzarkide bat gehiago izango dute, 23 hain zuzen ere, eta nagusi izango dira foru erakundean, beste lau urtez.
Datozen lau urteetarako Bizkaiko ahaldun nagusia, baina, Busturialdekoa izango da, Unai Rementeria mundakarra, hain zuzen. Hark hartuko du Jose Luis Bilbaok utzitako lekua. «Bikaintzat» eman du Rementeriak Bizkaiko Batzar Nagusietan batzarkide bat gehiago edukitzea. Haren iritziz, «olatua iritsi da» Bizkaira. EAJren olatua, gainera, uste zutena baino «handiago» iritsi dela nabarmendu zuen herenegun. Horien helburua «Bizkaia hazi araztea» dela esan zuen, horretarako «guztien laguntza beharrezkoa» izango duela gaineratuz: «Hautestontziek Bizkaia anitza dela iragarri dute», esan zuen.
Jaitsiera handia Gernikan
EH Bilduk bigarren postuari eutsi dio Bizkaian, 11 batzarkiderekin (2011n baino bat gutxiago). Eskualdeko datuei erreparatuta, aipatzekoa da Gernika-Lumon foru hauteskundeetarako EH Bilduk izan duen jaitsiera 2011. urteagaz alderatuta. 4.652 boto izan zituen orduan, aurten, berriz, 2.752 boto izan ditu. EAJren kasuan, aldiz, kontrakoa gertatu da. Igoera nabarmena izan dute jeltzaleek, Batzar Nagusietarako EAJren aldeko botoa eman dutenak 4.304 izan dira; 2011n, berriz, 3.186 izan ziren.
Bermeon %48,15ek (4.029 boto) eman diote Batzar Nagusietarako botoa EAJri. Hala ere, 2011n baino 300 boto inguru gutxiago izan dituzte (2011n, 4.335). EH Bilduk ere boto gutxiago izan ditu Bermeon: 2011n 4.037 boto izan zituzten; aurten, aldiz, 3.049.
Podemos indartsu
Bai Bizkaian zein Busturialdean Podemos Ahal Dugu indarrez sartu da foru hauteskundeetara. Bizkaiko Batzar Nagusietan sei batzarkide izango ditu. Eskualdean, berriz, 1.703 boto lortu ditu. Herri handienetan izan ditu boto gehienak, Bermeon, esaterako, 756. Hala ere, herri guztietan izan dute botoren bat edo beste. Orain arte PSE-EE izaten zen hirugarren alderdirik bozkatuena Busturialdean. Aurten, sozialistek 732 botorekin konformatu beharra izan dute.
Alderdi popularrari botoa ematen diotenak ere badira eskualdean, horien aldeko 408 boto izan dira. Aurten lehenengo aldiz foru hauteskundeetara aurkeztu den Irabazik, berriz, eskualdeko 222 herritarren botoa izan du. Horietatik 88 Gernika-Lumon izan dira. Bestalde, Ciudadanosen aldeko 117 boto eta UPyDren aldeko 33 boto ere zenbatu dituzte Busturialdean.
Bizkaiari dagokionez, bi batzarkide galduta, PSE-EEk zazpi izango ditu, eta PPren batzarkideak zortzitik laura jaitsi dira.