
Herritarrak Bermeon botoa ematen
Udal hauteskunde bereziak izan dira aurtengoak bermeotarrentzat. Ohiko alderdiei botoa emateko aukera izateaz gain, bermeotarrek herri plataforma bi izan dituzte aukeran: Izartu Bermeo eta Guzan. Biak alderdi bitasuna amaitzea zuten helburu eta lortu dute. Bi hautetsi lortu ditu Guzanek 1.151 botogaz, eta bat berriz, Izartu Bermeok 760 botogaz. Alderdirik bozkatuena, hala ere, EH Bildu izan da Bermeon. EAJ 3.064 botogaz bigarren alderdi bozkatuena izan da.
Bi alderdi nagusiek botoak galdu dituzte 2011. urtearekin alderatuta. 4.489 boto izan zituen 2011n Bilduk eta bederatzi zinegotzigaz, gehiengo absolotuagaz, aritu izan da lanean. Oraingoan bi zinegotzi galdu ditu koalizioak. EAJk, berriz, 2011n 3.969 boto izan zituen eta zortzi zinegotzi. Gaurko emaitzen ostean, jeltzaleak zinegotzi bat gutxiagogaz ariko dira lanean datozen lau urteetan.
Bermeoko parte hartzea 2011koarekin alderatuta nabarmen jaitsi da. Orain dela lau urteko parte hartzea %69,65ekoa izan zen, aurten, baina, %64,08ko parte hartzea egon da.
«Pozik» agertu da Idurre Bideguren EH Bilduren alkategaia hauteskundeak irabazi dituztelako: «herritarren babesa erakusten dute datuek». Botuen galera aurreikusten zutela dio, «plataforma berriak eratu baitira». Ez zutena aurreikusten, baina, parte hartzea murriztea zela esan du eta horrek «kezka» sortzen dio: «irakurketa bat egiteko moduko datua da. Aukera gehiago egonda, parte hartzea murriztea, arduratzeko gauza da». Bidegurenek azaldu modura, «parte hartzea sustatzeko ahaleginak egiten jarraituko dute hemendik aurrera».
EAJko zerrendaburu Aritz Abaroak, bestalde «akordioen» legealdia datorrela azaldu du. Bermeorentzako gauza «berria» dela dio, eta «ikuspuntu positiboarekin» begiratzen diotela gaineratu du: «uste genuen plataforma berriek abstentzioetatik lortuko zituztela botoak baina ez da horrela izan, abstentzioa igo egin da gurean». Parte hartzea jaistearen arrazoia azken lau urteetan sortutako «desiluzioa» izan daitekeela uste du, «hemendik aurrera politika beste modu batera egin beharko genuke».
Guzan plataformako Xabi Ortuzar «pozik» zegoen atzo botoak zenbatzen amaitu ostean, «uste zutena baino boto kopuru gehiago» izan dituztela aipatu du. «Harrigarria» izan dela esaten zuen: «kaletik jendea izan dugu animoak ematen».
Izartu Bermeo plataformako Arkaitz Cabañasen ustetan, Bermeon izan diren emaitzak «oso interesgarriak» izan dira: «Aurrerantzean proiektu desberdinak aurrera ateratzeko aukera izango dugu guztion artean. Erabakitzeko aukera handiagoak egongo dira orain, herritar gehiagoren ahotsa izango da udalean eta herriarentzako oso positiboa izango da». Gogoetarako tartea hartu beharko lukete Cabañasen arabera, EH Bilduk eta EAJk, «plataforma berriak indartsu sartu dira eta positiboa izango da herriarentzako».