Zazpigarrena eta indartsua
Kartel handia dakar Gernika-Lumoko Rock & Rallyak aurten, «indartsua». Ekainaren 6an izango da zita: S.A., Etsaiak, Porco Bravo, Aberri Txarrak, Backbone eta Blaster M.Gernikatik kanpora ere zabalduko den kartela. Hori da, antolatzaileen esanetan...
Kartel handia dakar Gernika-Lumoko Rock & Rallyak aurten, «indartsua». Ekainaren 6an izango da zita: S.A., Etsaiak, Porco Bravo, Aberri Txarrak, Backbone eta Blaster M.
Gernikatik kanpora ere zabalduko den kartela. Hori da, antolatzaileen esanetan, aurtengo Rock & Rallyak dakarrena. Zazpigarren urtez egingo dute, eta hasiera batetik finkatutako helburua betetzeko asmoa dute Iparragirre Rock Elkarteko kideek. Hau da, agertokia kalera ateratzetik harago joan eta Rock & Rallya musika festibala izateko itxura duela diote Mikel Fidalgok, Haritz Laboak eta Asier Musatadik. «Hasieran ipinitako helburuetatik harago joan eta Rock & Rallyak jauzi bat eman duela esan daiteke. Hasieran kontzertu desberdin bat eskaintzen zuen helburu Rock & Rallyak; agertokia lokal barrutik kanpora ateratzea. Orain, baina, festibal itxura hartu du, eta aurten helburu horretara gehiago hurbilduko garelakoan gaude».Kartelburu «indartsua» lotzearen alde egin zuten hasiera batean. «S.A.gaz (Soziedad Alkoholika) hasi ginen harremanetan, eta berau lortzean kartela zelanbait konpentsatu behar zela ikusi genuen». Etsaiak taldea festibalera ekartzeko aukera ikusi zuten, eta aprobetxatu. «Urte asko egin dute agertokietatik kanpora, eta berriro elkartu dira». Musika agertokira bueltatu dira lekeitiarrak, eta aurten eskainiko dituzten kontzertuen artean lehenengoa izango da Gernika-Lumoko Rock & Rallyan emango dutena. «Gainera, antza denez, gogotsu datoz oraingoan».
Eta bi horiekin batera, ekainaren 6ko jaialdia borobilduko duten taldeak ere gehitu dituzte kartelera: Porco Bravo (Barakaldo), Aberri Txarrak (Nafarroa) eta Backbone eta Blaster M gernikarrak.
Kartel orekatua
Gernikako taldeek osatzen zuten garai batean Rock & Rallya, eta kanpoko talde batek zabaltzen zuen kartela. «Bertoko taldeentzako erakusleiho bat ere bazen, izena eta proiekzio handiagoa zuten taldeekin jotzeko aukera ematen zuen, baita kanpotik etorritako publikoaren aurrean jotzeko ere». Gaur egun, oraindik zaindu egiten dute hori, eta etxeko taldeek ere lekua edukitzen dute Rock & Rallyaren kartelean; «horrek egiten du berezia festibala».
Eta aurtengoa ere berezia izatea espero dute. «Aurrekoetan kartelburu bat izan dugu aurrekoetan Gatibu izan da; eta horrek erakartzen zuen, batez ere, jendea. Baina aurten, Soziedad Alkoholika kartelburu izanda ere, ohartu gara Etsaiak ere bere oihartzuna izaten ari dela, interesa piztu duela. Horregatik diogu aurtengo edizioak festibal itxura hartu duela».
Taula gainera igoko diren taldeen musika estiloan desberdintasun handirik ez dago; hala ere, bakoitzak bere publikoa ekarriko duela diote antolatzaileek, «bakoitzak berea, eta horrek ere osatu egiten du festibala».
Diru iturria
Baina tamaina horretako Rock & Rally batek lan asko eskatzen du, eta, batez ere, diru asko. Finantzaketa. «Hau guztia aurrera eramateko eta talde ezberdinak ekartzeko dirua behar da». Irabazi asmorik gabeko ekimena da Rock & Rallya. «Musika gustuko dugu, eta guretzat egiten dugu, guk entseatzeko eta kontzertuak antolatzeko leku bat izan dezagun, horretarako dirua izateko».
Era berean, Iparragirre Rock Elkartearen izena zabaltzen ere laguntzen du. Baina, batez ere, gauzak egiteko beste modu bat ere badagoela erakutsi gura dute Iparragirrekoek: «Jaialdi honen atzean ez dago promotorarik; atzean dagoen gauza bakarra da jende askoren lana». Elkartea bera finantzatzea da asmoa; Rock & Rallyan batzen duten dirua Iparragirreren gastuetarako da. «Ahalegin ekonomiko handia da gure partetik, baina laguntza ere izan dugu, eta eskertu beharrean gaude». Hain zuzen, Gernika-Lumoko Kultur Etxearen eta hainbat tabernaren laguntza izan dute aurtengo jaialdia antolatzeko: Arima, Aterpe, Garamendi, Zeppelin, Arrien, Zarata, Endika, Ipar, Lagun-Etxea, Ospa, Zaplast, Irritzi, Izarra eta Arrano Kultur Elkartea.
Astra ondoko parkinean egingo dute aurten jaialdia, eta sarrerak salgai jarrita dauzkate dagoeneko, 15 euroan. Arima, Ospa, Zarata eta Ipar tabernetan eros daitezke Gernika-Lumon; Luma liburudendan Bermeon; Izki tabernan Durangon; Kos Taskan Mungian, eta baita Interneten ere: entradium.com-en. Egunotan, gainera, errifak saltzen ari dira Iparragirrekoak, eta sarien artean sarrerak ere zotz egingo dituzte.
Ekainaren 6an, 16:30ean zabalduko dituzte ateak, eta egunean bertan sarrerak 18 euroan erosi ahalko dira, «beti ere, aurretiaz denak saldu ez baditugu», diote antolatzaileek.