Mutrikuko Piker Txapelketako irabazleak bihar erabakiko dira
Hainbat astetan kanporaketak jokatu eta gero, bihar jokatuko dira Miruaitz frontoian Mutrikuko Piker oroimenezko VI. Pala Txapelketa herrikoiko finalak.Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, oraindik ez dakite finala noiz jokatuko du...
Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, oraindik ez dakite finala noiz jokatuko duten. «Eguraldiaren arabera, goizean edo arratsaldean egingo ditugu finalak. Tronboi topaketak egitekoak dira egun berean, eta eguraldi txarra baldin badago kontzertua frontoian egin beharko dela jakinarazi digute. Eguraldi txarra baldin badago, horrenbestez, arratsaldean jokatuko ditugu partidak».
Final oso lehiatuak
Erabakiaren berri gaur izango dute, eguraldiaren iragarpen zehatzagoa dutenean. Hala ere, ordutegiak jarrita dituzte: eguraldi ona badago 10:30ean hasiko dira finalak, eta txarra badago 17:00etan.
Hirugarren postuko norgehiagoka jokatzen hasiko dira lehenengo. Joxemik eta Ametzak osatutako bikoteak Manzisidorren eta Illarraren aurka jokatuko dute 25 tantora izango den lehen finala.
Kanporaketetan Manzisidorrek eta Illarrak galdu egin zuten Joxemiren eta Ametzaren aurka, eta biharko partidan errebantxa hartzeko asmorarekin aterako dira kantxara.
Hirugarren postua erabaki ondoren, txapelketako bikote irabazlea zein izango den erabakiko da.
Igor eta Ibon txapelketako faboritoak Xabi Garalde eta Xabi Eizagirre mendean hartzen saiatuko dira 30 tantora jokatuko den partidan. Igorrek orain arte jokatu diren bost txapelketatik lau irabazi ditu, eta txapelketa irabazteko faborito badira ere, txapela lortzeko lehia ez da batere erraza izango.