EAJk utzitako 3 milioi euroko zorra EH Bilduk «garbitu» duela esan du Josu Unanuek
EH Bilduren ustez, EAJren kudeaketa eredua «negargarria» izan da hainbat herritan ere. Arriolaren esanetan, uraren kudeaketa hurbiletik egitea posible dela erakutsi duteBusturialdeko Ur Partzuergoan EAJk kudeaketa «jasangaitza» burutu zuen, EH Bild...
EH Bilduren ustez, EAJren kudeaketa eredua «negargarria» izan da hainbat herritan ere. Arriolaren esanetan, uraren kudeaketa hurbiletik egitea posible dela erakutsi dute
Busturialdeko Ur Partzuergoan EAJk kudeaketa «jasangaitza» burutu zuen, EH Bilduren ahaldun nagusigai Josu Unanueren esanetan, «eta egoera horri buelta eman dio EH Bilduk». Lamiarango (Bermeo) araztegian egin zuten atzo agerraldia EH Bilduren foru hautagaiek, ordezkariek eta gaur egun Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente Iratxe Arriolak.Unanuek esan zuenez, 3,35 milioi euroko zorra utzi zuela EAJk ur partzuergoan, eta lau urte hauetan zorraren %90 kitatu dutela. «Gainera, Bermeo ere partzuergoko kide egin du, hornidura eta saneamendurako azpikontratatuta zuen zerbitzua modu zuzenean kudeatzeko pausoak eman ditu, eta tarifikazio progresiboa ezarri du, kontsumo arduratsua sarituz. Gainera, azpiegituretan inbertsioak egiteko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa lortu du».
Unanueren ustez, EAJren kudeaketa eredua «negargarria» izan da, eta Busturialdeko Ur Partzuergoaren zorraren erantzule zuzena egin zuen Unai Rementeria; «bera izan zen Busturialdeko Ur Partzuergoaren presidentea azken agintaldian». Hala, hitzak beharrean ekintzak eskatu zituen EH Bilduren hautagaiak: «Kanpainan 10.000 lanpostu agintzea berriketa hutsa da. Errealitatea, berriz, ur partzuergoa modu onean kudeatzeko gaitasun falta».
Adibideak
Atzoko agerraldian, gainera, EAJren kudeaketa eredu «txarraren» beste hiru adibide eman zituen bermeotarrak: «Urduñako Udalean 5,6 milioi euroko zorra utzi zuen EAJk, eta gastuak eta sarrerak orekatzeaz gain, 1,5 milioi euroan murriztu du hasierako zorra».
Lemoa, berriz, Bizkaiko jauntxoen «lotsagabekeriaren» adibide izan dela esan zuen Unanuek: «48.000 euroko gastuak bazkaritan, 16.000 purutan, 24.000 alkoholdun edarietan eta beste 6.000 justifikatu gabe».
Dimaren zorra ere aipatu zuen, 2,5 milioi eurokoa. «Lau urteren buruan EH Bilduk zorra herenera murriztu du».
Zerbitzu ona
Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente Iratxe Arriolak ere hartu zuen berba. «Kontua ez da negozio on bat antolatzea, zerbitzu ona eskaintzea baizik», esan zuen.
Partzuergoaren biziraupenean sinisten dutela esan zuen: «BUParen egoera sendotu dugu, eta partzuergo txikia izanda eta hartu genuen egoera larrian hartuta ere, erakutsi dugu posible dela uraren kudeaketa hurbiletik egitea». Hala, partzuergo handiek bezain ondo funtzionatu dezaketela esan zuen.