Udal programaren ildoak aurkeztu ditu EH Bilduk
EH Bilduko Busturiako udalerako alkategai Andoni Elorrietak eta gainontzeko hautagaiek udal programaren ildo nagusiak aurkeztu zituzten martitzen arratsaldean. Hautagaitza babesten egon zen Arantza Urkaregi Batzar Nagusietarako bilboaldeko zerrendaburu...
Koalizioarentzat etxebizitzen arazoa da ardura nagusienetakoa: «Beharrizan handiena da. Azkenaldian gazte askok alde egiten dute urtero, etxebizitza sozialik ez dutelako eta espekulazioetatik kanpo daudenak eskura ez dituztelako».
Martxan dauden proiektuekin segitu, eta oraindik konpondu barik dauden arazoei irtenbidea bilatzeko konpromisoa hartu dute. Tartean, errekagaz dituzten arazoak konpontzea lehentasuna izango da.
Besteak beste, basogintza eta industria sostengarriaren alde, merkataritxa txikiaren eta elikadura burujabetzaren alde egingo du EH Bilduk: «Bertoko ekonomia sortuko dugu, bertoko baliabideak aprobetxatuz».
Bestalde, bizitza sozialean nagusien parte hartzea bultzatuko dute: «Beraiengandik zer ikasi asko daukagu, ezinbestekoa da haien egoera eta bizi baldintzak ondo ezagutzea, dituzten arazoei konponbideak jartzeko».
Zaborra eta energia arloan, «gehiago berrerabiltzeko» apustua egingo du, eta beste herri batzuetako alternatibak aztertuko ditu. Franking-aren aurka dago, eta gasa eta zuntz optikoa herrira heltzeko lanak egiteko erraztasunak eskainiko ditu.
Kultura batzordea berrantolatu eta berraztertu gura dute. Helburuak zehaztuz eta funtzionamendua aztertuz kultur arloko plangintza egingo dute.