Isuntza, Karraspio eta Ogella hondartzak garbituko dituzte
Hondartzak garbitzeko eguna antolatu du zapaturako Lea-Artibaiko Artzabal Surf Elkarteak. Azken urteetan antolatzen duten itsas ekimenaren helburua urte osoan hondartzetan pilatzen diren hondakinak jaso eta ingurumena zaintzeko ekintza zuzen bat egitea...
09:00etan jarri dute hitzordua Isuntza arraun elkartearen sarrera ondoan, eta ingurumenagaz arduratuta dauden pertsona guztiak gonbidatu dituzte.
Isuntza eta Karraspio hondartzak garbitzen hasiko dira, eta 11:00ak aldera Ogellara abiatuko dira hango garbiketa egitera.
Lanak amaituta, familiako argazkia atera eta parrilada eder bategaz indarrak berreskuratuko dituzte 14:30ak aldera parte hartzaileek.
«Ikaragarria da gure ozeanoetan eta kostaldean pilatzen den hondakin inorganiko kopurua. Plastiko mota guztietako hondakinek milaka urte beharko lituzkete desegiteko, eta, gainera, erabat kaltegarriak dira ingurumenarentzat», azaldu dute Artzabalko kideek.
Zentzu horretan, hondakinik onena sortzen ez dena dela azpimarratu dute. «Beraz, garrantzitsua kontsumoa gutxitzea da, eta kontsumitzen badugu, berrerabilgarriak diren produktuak kontsumitzea».