Gernikako Ibarra birgaitzea ezinbestekoa dela dio EH Bilduk
Ibarrako industriagunea bisitatu zuten atzo EH Bilduren hautagaiek, Unai Ziarreta EAko presidente ohiak lagunduta. Bisita horretan, Gernika-Lumoko industriagunea eskualde mailakoa izan beharko litzatekeela esan zuen Gernika-Lumoko EH Bilduren alkategai...
EH Bilduren hautagaiak esan zuenez, Gernikako industriagunea ere lehentasuna da beraientzat. «Badakigu ez dela erraza izango, baina premiazkoa da ekonomikoki berpiztea, enplegua sortzea sektore guzti-guztietan».
Ibarrak dituen 42 hektarearen birgaitze plan bat eskatu zutela ere gogoratu ekarri zuen Landak: «Industria lur irisgarria eta hurbilekoa eta arrazoizko prezio batean eskaini ahal izateko, baina ezezko borobila jaso genuen». Hala ere, hurrengo agintaldian udaletxetik birgaitze plan hori egiteko prest daudela esan zuen alkategiak. «Gure ustez, Ibarra poligono hau eskualdeko poligonoa izan beharko litzateke, askoz arinagoa eta errazagoa delako egokitzea, lur industriala eskura izateko. Busturialdean jartzeko interesa duten enpresei eskaini ahal izateko edo handitzeko asmoa duten enpresei eskaintzeko».
Heziketa zentroa
Beste alde batetik, Lanbide Heziketako Goi Mailako Zentroa ere aipatu zuen Gernika-Lumoko alkategaiak atzoko bisitan: «Proi- ektu hori orain zortzi urte baino gehiago onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, talde politiko guztien adostasunagaz. Ematen du plan horren alde gaudela eskualdeko alderdi denak, eta, batez ere, Gernikako alderdi politikoak. Baina EAJ dago agintean Eusko Jaurlaritzan, eta, horrekin ados badago, ez dugu ulertzen zergatik ez dituzten lanak hasi». Udalak, bere aldetik, egin beharreko lanak eginak dituela esan zuen: lurrak garbitzearena. «Nahi dutenean etorri, eta lanean has daitezke; eta hori izango da, guk alkatetza lortuz gero, eskatuko dugun lehenengotako gauza».
Irisgarriago
Trena lur azpitik joateko eskaera «historikoa» ere egin du gaur EH Bilduk, berriro. Eta industriagunearen irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa hartu du, gune arriskutsuak ezabatuz: «Esate baterako, Astrako aparkalekua Alhondegiagaz batuko duen pasarela bat egingo dugu».