«Alderdikeriak albo batera utzita, eskualderako onena topatu behar da»
Azken agintaldian Lea Ibarra Mankomunitateko lehendakari izan eta gero, hurrengo lau urteetarako ere EH Bilduren hautagai modura aurkeztuko da Mikel Ansotegi aulestiarra.Mikel Ansotegi Jaio Lea Ibarra Mankomunitateko lehendakaria da egun. Iker Belauste...
Azken agintaldian Lea Ibarra Mankomunitateko lehendakari izan eta gero, hurrengo lau urteetarako ere EH Bilduren hautagai modura aurkeztuko da Mikel Ansotegi aulestiarra.
Mikel Ansotegi Jaio Lea Ibarra Mankomunitateko lehendakaria da egun. Iker Belaustegi Munitibarko alkate ohia (EAJ) mankomunitateko lehendakari izan eta gero sartu zen bera. Beste lau urtez errepikatzeko gogotsu dago.Azken lau urteen zer nolako balorazioa egiten duzue?
Balorazioa orokorrean ona da. Krisi garaian gaude, eta ikusteko errazenak diren obrak ez dira hainbestekoak izan. Baina garrantzitsuena betetzen da, herritarrei zerbitzuak eskaintzea.
Zeintzuk izan dira lau urte hauetan zuen lan ildo nagusiak?
Mankomunazgoaren kasuan, lan ildo nagusiak, garapena, zabor biltzea eta ongizatea dira. Garapenari dagokionez, Okamikako Administrazio Kontseiluan parte hartzen da. Baita ere Azaro Fundazioan; hor Legamin ekintzaileei enpresak sortzen laguntzeko erabilgarri egoten diren pabilioiak daude. Kontuan izan behar dira Lea ibilbidea eta Bengola ere, pisu handia daukate eskualdera turismo jasangarria ekartzeko orduan, eta gure eskualdea ezagutzera emateko.
Zabor kudeaketari dagokionez, zer azpimarratuko zenuke?
Helburu nagusia birziklatze tasa igotzea izan da, bost herriak elkarregaz lan eginez. Pausoak eman ditugu horretara heltzeko: autokonposta, auzokonposta, horretarako formazioa, birziklapen kitak banatu… Eta oraindik ere pausoak ematen jarraitu beharra dago, birziklapenari, berrerabilpenari eta zabor gutxiago sortzeari dagokionez.
Eta ongizateari dagokionez?
Zerbitzua mantendu eta indartu egin dugu. Krisi garaian, administrazioa estuago dabilen arren, herritarrak are eta larriago daude. Hori dela eta, ongizateko onuradunentzako zerbitzua mantentzeaz gain, indartu ere egin dugu; diru partida gehitu egin dugu.
Eta datozen urteetan zeintzuk izango dira ildo nagusiak?
Garrantzitsuena, eskualdeko bizilagunon ongizatea bermatzea da, horretarako behar diren bitarteko guztiak jarriz. Hemen sartzen dira etxez etxeko zerbitzua, laguntza sozioedukatibo eta psikosoziala, berdintasun ekintzak…
Eta garapena?
Garapena ere ezinbestekoa da, batez ere beharra sortzeari dagokionez, nahiz eta gure eskualdea Bizkaia guztian ondoen egon langabezi tasari dagokionez.
Eta turismoan, zer?
Turismoari dagokionez, Lea Ibilbidearen potentziala aprobetxatu behar dugu, horren inguruan natur turismoa bultzatuz, mendiak, beste ibilbide batzuk… ezagutara emanez. Bengolari ere ahal den bultzada handiena eman behar diogu.
Gizarte zerbitzuetan, zeintzuk zerbitzu eskaintzen dituzue?
Garrantzitsuena jendeari laguntzeko gaudela esatea da, zerbitzu oso ona eskaintzen dugula, eta jendeak beldur barik, lotsa barik, hurreratu behar duela gure zerbitzuak eskatzera premia dagoenean, edonori tokatu dakioke egoera zail honek bizitzea, beharbada, norberari biharko egunean. Premia dagoenean, laguntza eskatzen ere jakin egin behar dugu.
Agintaldi berrirako zer dago hobetzeko/osatzeko/aldatzeko?
Zerbitzuek, orokorrean, ondo funtzionatzen dute, beraz, aldaketak ondo aztertuta egingo ditugu, eta zelan ez, hoberako. EH Bildu bezala, bai gustatuko litzaiguke, ongizate zerbitzuan dauden zerbitzu nagusiak modu zuzenean kudeatzea, orain azpikontratatuta daude eta.
Zergatik EH Bildu bai eta ez beste alderdi bat?
Batik bat, proiektu amankomun honetan sinisten dugulako! Herrientzako onena lortzeko eta zerbitzuak, modu zuzenean, kudeatzeko. Aintzinako erara funtzionatu nahi dugu. Alderdikeriak albo batera utzita, eskualderako onena topatu behar da man- komunitatean. Lehendakaritza ere, aintzinako eran, herriz herri txandakatzea nahi genuke, alderdi bakoitzak ordezkaria aurkeztu eta politizatu beharrean.