Koldo Arriola omenduko dute Ondarroan, bere hilketaren 40. urteurrenean
Garraxika elkarteak antolatuta, Maskulo Etxearen aurrean egingo da ekitaldia domekan. Arriola gogoratuko duen plaka bat ipiniko dute Guardia Zibilak gaztea hil zuen tokitik gertuOndarroako Garraxika (Errepresioaren Biktimen Ahotsa) elkarteak antolatuta...
Garraxika elkarteak antolatuta, Maskulo Etxearen aurrean egingo da ekitaldia domekan. Arriola gogoratuko duen plaka bat ipiniko dute Guardia Zibilak gaztea hil zuen tokitik gertu
Ondarroako Garraxika (Errepresioaren Biktimen Ahotsa) elkarteak antolatuta, domekan Koldo Arriola zena omenduko dute, «herriak garai hartan zer gertatu zen gogoratu eta jakin dezan».Arriolaren heriotza «kolpe ikaragarria eta samingarria» izan zen ondarrutarrentzat. 18 urteko gazte ondarrutarra Guardia Zibilaren kuartel aurrean hil zutela 40 urte igaro badira ere, herritarrek gogoan dute gertatutakoa. «Imanol Oruemazagak bere hilketari buruzko testigantza liburua idatzi zuen, eta hark beti esan ohi du Arriola hil zuten tokian bertan plakaren bat ipini beharko litzatekeela. Hala, hilketaren 40. urteurren egunean bertan omenaldia egitea aproposena zela iruditu zaigu».
1975eko maiatzaren 23an, Koldo Arriola eta beste bi lagun 34 dantzatokira bidean zihoazela, Guardia Zibilaren kuartel aurretik igaro ziren, eta guardia zibil batek kuartelera sartzeko agindua eman zion Arriolari. Handik gutxira tiro bat entzun zen, eta lagunek espaloi gainean lurrean hiltzen ikusi zuten. Gurasoek ez zuten inoiz semeari gertatutakoari buruz erantzunik izan.
Ekitaldi xumea
12:30ean hasita, ekitaldi xumea egingo dute Maskulo Etxearen aurrean. Bertan izango dira, beste beste, Arriolaren senideak, lagunak eta Oruemazaga ere. Horiez gain, herriko hainbat eragileri eta talderi gonbidapena luzatu diete Garraxikak, eta hantxe egotea espero dute.
Arriola gogora ekarriko dute haren ingurukoen berri emanaz, eta, horrez gain, bertsolariek eta dantzariek agurra eskainiko diote. Era berean, gertaera hura gogoratzen duen plaka Guardia Zibilaren kuartel ohiaren aurrean ipiniko dute, espaloian. «Plaka eraikinean jartzeko ez dugu baimenik lortu. Mozioa sartu dugu udalean, eta berau onartu ostean, eraikinaren pareko espaloian jartzeko baimena lortu dugu».