Salmenta onak eta jende asko, Okela Egunean
Jende asko batu du aurten ere, Markina-Xemeingo Udalak, herriko eta inguruetako nekazariek eta tabernariek antolatutako Okela Egunak. Plazabarripean aukera zabala aurkitu zuten erosleek, bai produktuak ikusi, erosi eta dastatzeko, bai eta arrakasta han...
Gazta, eztia, sasoiko ortuariak, txakolina eta sagardoa eta ogi eta gozoak eskaini zituzten ekoizleek gozi osoan zabalik eduki zuten azokan.
10:00etan zabaldu zuten azoka, eta urtero modura, 12:30etik aurrera batu zen jende gehien Plazabarripean. Azokatik bueltatxoa eman, produktuak erosi, eta bildots pintxoen gunera hurreratzen ziren bildots dastaketarako prest. Momentu batzuetan ilara luzeak ere egin ziren postuaren aurrean pintxoak eskuratu ahal izateko.
Denetara, 24 bildots erre zituzten, goiz-goizetik hasita burduntzian, eta guztiak banatu zituzten.
Irratsaioa
EUP irratiak ere eduki zuen bere lekua azokan. Goiz osoan elkarrizketak egin eta giroa arintzen jardun zuten irratiko kideek. Zesta-punta eskolen arazoaz jardun zuten irratiaren postuan bertan Josu Mugartegi Atain Markina-Xemeingo Zesta-punta Eskolako lehendakariagaz. Horretaz gainera, azokako postuetako ekoizleekin ere egon ziren berbetan. Lander Ibarluzea Aitxulua bertsolariak egin zituen kazetari lanak postutik postura galdezka. Txomin Arregi nekazari gazteari nekazaritzatik bizitzeak etorkizunik badagoen galdetu zion, eta gogoa izanez gero, dena egin daitekela erantzun zion Arregik.
Zesta-punta partidek eta Kupela taldearen erromeriak osatu zuten bai eta ere eguneko egitaraua. Giro ona jarri zuen Kupelak Kontzekupean.
Egunaren balorazioa egitekoak badira ere, ekimenak izandako erantzunagaz «gustura» azaldu dira hasiera batean antolatzaileak. Denborak eutsi zuela eta dena «ondo» atera zela adierazi dute.