Mercadal-en kontra jokatuko ditu 'play off'-ak Gernika futbol taldeak
Menorcako (Herrialde Katalanak) Mercadal taldearen kontra lehiatuko da Gernika futbol taldea Bigarren B mailara igotzeko play off-etan. Asteburu honetan joaneko partida kanpoan jokatuko dute gernikarrek, eta bueltakoa Urbietan.Hain zuzen ere, asteburua...
Hain zuzen ere, asteburuan lehiatu zuten Hirugarren mailan 2014-2015 denboraldiko azken jardunaldia.
Gernikak 3-0 irabazi zion Balmasedari Urbietan zapatu arratsaldean. Lehenengo gola Vilak egin zuen bigarren zatia hasi eta gutxira. Beste bi golak Zarandonak sartu zituen, bata 85. minutuan eta bestea, neurketa amaitzekotan zela, 90. minutuan.
75 puntugaz sailkapeneko bigarren postuan amaitu du denboraldia Gernika futbol taldeak, eta Portugaletek lehenengo postuari eutsi dio. Halaber, bi talde horiekin batera, Getxoko Arenas eta Durango sailkatu dira Bigarren B mailara igotzeko play off-ak jokatzeko.
Gernikak bigarren itzulian ez du partidarik galdu; hamar partida irabazi ditu, eta bederatzi berdinketa lortu ditu.
Bermeo hamalaugarren
Bestalde, Bermeok 1-6 galdu zuen Gasteizko Aurreraren kontra zapatuan Itxas Gane futbol zelaian. Etxean garaipenagaz agurtu gura zuten bermeotarrek denboraldia, baina ezinezkoa izan zen.
Hala, 45 puntugaz hamalaugarren amaitu dute aurtengo denboraldia bermeotarrek.