
Azokaren ondoko hormairudian egin dituzte adierazpenak
Herriko merkatal guneak, Alde Zaharra eta udal azoka apustu “garrantzitsuak” direla adierazi du EH Bilduren alkategai Idurre Bidegurenek: “merkataritzak bizia ematen die kaleei, eta herria soziekonomikoki bultzatzeko eta herria bizi mantentzeko balio du”. Hala, “ezinbestekoa” ikusten du merkataritzaren aldeko apustua egitea.
Alde Zaharrean merkataritza biziberritzeko, esaterako, bertan dauden lokalen egoera zein den aztertzen ari dira “jarduera berriak eta erakargarriak sustatzeko asmoz”. Era berean, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) elkarlanean, Alde Zaharreko orubeen etorkizuna zehazteko proiektu bat martxan jarriko dutela azaldu du Bidegurenek.
Bestalde, izapideak errazteko eta formazioa eskaintzeko merkatariei aholkularitza eskaintzen jarraituko dutela dio alkategaiak. Are gehiago, ostalariei zerbitzu berezi bat eskainiko dietela azaldu du, “negozio erakargarriagoak egiteko aholkularitza izango da, proiektu nahiko aintzindaria da”.
Edertze planarekin jarraitzeko asmoa ere agertu dute, “Bermeoko merkatal guneak erakargarriagoak izateko”. Horietan, gainera, oinezkoei lehentasuna emateko neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute.
Gaur goizean emandako prentsaurrekoan udal azoka biziberritzeko azken lau urteetan egin duten plangintza ekarri du gogora, eta dagoeneko zenbait pauso eman dituztela gogorarazi du: hormairudia, udal azokako araudia berritu, aparkalekuak egokitu, azoka bereziak antolatu… Ildo berean, azokako elkartea indartu dela ere aipatu du, “eta horri esker udalaren eta elkartearen arteko elkarlana indartu da”. Horien helburua pauso horiekin guztiekin jarraitzea dela esan du gaur Bidegurenek, udal azoka “kalitatezko bertoko produktu osasuntsuak erosteko gune erreferente izateko”.
“Herrian erosiz gero, herritarren lanpostuak mantentzen laguntzen da”, esan du Bidegurenek. Horretarako, herriko denden balio erantsia “argi izatea garrantzitsua” dela adierazi du.