EH Bilduk «freskotasuna, elkarlana eta parte hartzea» bultzatu nahi du
Alberto Garro Ziortza-Bolibarko EH Bilduren zerrendaburuak alderdiak datozen lau urteetarako dituen helburuak aurkeztu ditu herritarren aurreanAlberto Garro Ziortza-Bolibarko EH Bilduren zerrendaburuak alderdiak datozen lau urteetarako dituen helburuak...
Alberto Garro Ziortza-Bolibarko EH Bilduren zerrendaburuak alderdiak datozen lau urteetarako dituen helburuak aurkeztu ditu herritarren aurrean
Alberto Garro Ziortza-Bolibarko EH Bilduren zerrendaburuak alderdiak datozen lau urteetarako dituen helburuak aurkeztu zituen herritarren aurrean. «Gure taldearen asmoa freskotasuna, elkarlana eta parte hartzea butzatzea dira», gaineratu zuen. Halaber, herria herritarrekin batera eraiki nahi dutela eta udaletxeko ateak herritar denei zabaldu nahi dizkietela gaineratu zuen. «Udaletxea denon etxe legez sentitu eta bizi nahi dugu».Herriari bizitasuna, «kolorea», emateko, herriko indarrak batu eta herriari begira jartzea nahi dute EH Bildukoek. «Hori, auzolan eta elkarlanaren bidez lortuko dugu».
Udaletxeari dagokionez, udaletxea «sortzeko, eztabaidatzeko, proiektuak adosteko eta gauzatzeko» lekua izan behar dela diote. «Udalaren kudeaketa irekia eta garbia bultzatu, eta informazioa zabaldu nahi dugu». Horretarako, baina, herritarrei gaien azterketa eta eztabaidarako guneak eskainiko dizkietela diote. «Horrela, herritarrek erabakiak hartzeko bitartekoak berreskuratuko dituzte».
Garroren azalpenak entzun ondoren, hautagai batzuek Lorearekin kantua abestu zuten, eta ostean luntxa eduki zuten.
Egitasmoak
Tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, hirigintza alorreko hainbat proiektu burutzea eta auzoetako ordezkariak izendatzea proposatzen ditu EH Bilduk, besteak beste. Horrez gain, inguruneari eta udal eredu parte hartzaileari ere egiten diote aipamena. Halaber, haurtzaindegiaren proiektuan lehen pausoak emateko proposamenak ere jaso dituzte programan. Herriko kultura eta aisialdia sustatzeko hainbat irizpide ere agertu dituzte, horien artean, Simon Bolivar Museoaren eta herritarren arteko lotura indartzea.
Eraldaketa soziala eta Euskal Herriaren eraikuntza helburu duen proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartuko dute. «Denen parte hartzeagaz eta denen indarrak bilduz Ziortza-Bolibar eraikitzen ari gara».