Bermeoko ondarea zaintzeko ilusioa eta gogoa duten herritar asko daudela uste du herri plataformak

Xabi Ortuzar eta Jon Goikolea azalpenak ematen
Kurtzioko baseliza aukeratu du Bermeoko Guzan herri plataformak Xixili eskulturaren inguruan prestatu duten film laburra aurkezteko. Lamiaranpuntako dikean kokatuta dago Xixiliren eskultura, 1980. urtean egin zuen Jose Luis Butron eskultoreak. “Utzita” dagoela iritzita, eskultura hori berreskuratzeko eta Bermeoren ondarea zaintzeko gogoz daude Guzan osatzen dutenek.

Hainbat izan ziren film laburra ikustera hurbildu ziren herritarrak
Lehen eskuz jakin gura izan dute zer den Xixili eskulturarekin gertatzen dena. Xabi Ortuzar zerrendaburuak azaldu duenez, “auzolanean, garbiketa lanak egiteko ideia izan genuen. Baimenak eskatzen hasi ginenean oztopoak aurkitu genituen”. Hala, Jose Luis Butron eskultorearekin berba egin gura izan dute. Film laburrean aipatzen du Xixili-ren egileak “ez datorrela Bermeora, ez duelako bere eskultura dagoen egoera kaxkarrean ikusi gura”. Dirurik ez dagoela eta, auzolana sustatu behar dela uste du Guzanek, “jende sare bat josi beharra daukagu, izan ere, herritar ugari daude herriarengatik bere denbora emateko prest daudenak”. Jakinarazi dutenez, hauteskundeak eta gero, proiektu honekin jarraituko dute, “Xixili berreskuratu arte”.
Gehiengo absolutuarekin amaitzera
“Biztanleen %33a ordezkatzen duen alderdi batek ez dauka beti arrazoia beste guztien gainetik”, horregatik, gehiengo absolutuarekin amaitu gura du Guzan plataformak: “gehiengo absolutua desataskatu eta sigla guztiak elkarlanera inplikatu gura dituzte datozen lau urteetan”. Gardentasuna, partaidetza eta adostasunak bultzatuko ditu plataforma berriak, horien ustez hiru ardatz horiek baitira udal sistemaren hobekuntzarako ardatzak.
Guzanen helburua proposamenak “guztien ekarpenekin osatzea eta hobetzea” da. Aurrekontu handiko erabakietan, berriz, erreferendumaren aldekoak dira: “herritarren iritzia eta babesa behar dute herri osoari eragiten dioten erabakiak”.
Udalaren kontuak publikatzea exijitiko dutela diote, “argi eta garbi, gainera, herritarrek ulertzeko modu batean aurkeztuta”. Era berean, udal ondasunen zerrenda osoa publikatu beharko litzatekeela uste dute.

Bertaratutakoek galderak egiteko eta kezkak agertzeko tartea ere izan zuten