11:00etan zabaldu dituzte Arrain Azokako salmahaiek eta erakustokiek ateak, eta ikastetxeetako ikasleak ere badira jada XXI. Arrain Azokaz disfrutatzen. Gune didaktikoan bilduta arrainak eta horien ezaugarriak ezagutzen ari dira, eta asteburu osoan hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute.
12:30ean egin dute Hegaluze Saria emateko ekitaldia. Serrats enpresako kudeatzaile Ignacio Serratsek hartu du saria Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen eskutik. Ekitaldi berberean, Arrain Azokako kartelaren egileak, Iñigo Bidetxeak, lehiaketaren irabazleak saria jaso du baita ere. Arrain Azoka elkartekoek lehenengoz antolatu dute aurton azoka iragartzeko kartel lehiaketa.
Ignacio Serrats, Serrats enpresako kudeatzaileak hartu du Hegaluze Saria
Arrain Azokako kartelaren egileak Iñigo Bidetxeak, gaur jaso du lehiaketako saria
13:00etan, berriz, ohorezko aurreskua dantzatu ondoren, zinta moztu eta hasiera ofiziala eman diote aurtengo Arrain azokari. Besteren artean, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta erakundeetako eta enpresetako ordezkariak izan dira. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, “XXI. Arrain Azokara heltzen gara Bermeon arrantza munduak utzitako ondarea zabaltzeko eta arrain kontsumoa eta kontserba industria bultzatzeko asmoarekin”. Arrain Azoka “aitzindaria” izan zela gogorarazi du, apurka sendotzen joan da, eta egun, kultura arrantzalearen “erakusleiho arrakastatsua” bihurtu dela esan du.
Arraina txikitatik kontsumitzearen ohitura zabaltzeko, XXI. Arrain Azokak sukaldeetara iritsi gura du. Umeen artean arrainaren kontsumoa bultzatzea da aurtengo helburuetariko bat. Hala, Arrainari gustua hartzen lelopean ospatzen da aurtengo Arrain Azoka.
Arraina «gozoa eta osasuntsua» dela erakutsi gura diete umeei. Horretarako, familian arraina modu erakargarrian eta errazean prestatzen erakutsiko duen tailer bat antolatu dute: familian sukaldaritza zuzenean. Adinaren araberako taldeetan banatuta, egun bakoitzean gauza bat landuko dute Lanbide Hastapeneko ikasleen eskutik.
20 erakustoki
Gaurtik domekara bitartean, herritarrek zein bisitariek azokaren baitan izango diren 20 erakustokietako produktuak erosteko, ikusteko eta dastatzeko aukera izango dute. Gaur eta bihar 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da zabalik eta domekan, berriz, 15:00etan itxiko ditu ateak.
Berritasunak ere badira aurtengo azokan. Dalata.net-ek terraza stand bat jarriko du. Horretan, lata edo tarro bat zabaldu eta dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Gainera, hiru produktu sail desberdin prestatu dituzte Bermeoko kontserba enpresekin batera: fabrika guztietako produktu bana izango du batek, besteak antxoak izango ditu eta hirugarrenak, aldiz, Bermeoko hegaluze-mendrexka preziatuenak edukiko ditu.
Kofradi Zaharraren aurrean dago Mater ontzia
Itsas eta arrantza historia eta tradizioak ezagutzeko, bestalde, Pasaiako Albaola Itsas Kultur faktorian San Juan baleontzia eraikitzen ari diren arotzek ere parte hartuko dute aurtengo edizioan. Itsas ondarea erakusten duen Mater ontzia ere eguaztenetik Kofradi Zaharraren aurrean atrakatuta dago, eta domekara bitartean bisitatu ahalko da.
Ohi legez, bertaratutakoek arrain freskoa jateko aukera ere izango dute karpa jatetxean.
Trikitilariek, erraldoiek, dantzariek, fanfarreak…asteburua girotzen lagunduko dute. Bermeoko produktuak, enpresak eta herria bera ezagutzeko balio duen Arrain Azokara hurbiltzeko gonbidapena egiten die guztiei Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, «jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea egongo da».
Arrain Azokako egitarau osoa hemen
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.