Ibairatzeko prest, beste behin ere
1986an lortu modura, Ondarroako Aurrera futbol taldeko nagusien taldea hirugarren mailara igo da; Aurrerakoekin batera, 29 urte atzera bizitakoa errepikatzeko gogoz daude herritarrak.Ondarroako balkoiak gorriz eta urdinez daude jantzita. Zaldupe futbol...
1986an lortu modura, Ondarroako Aurrera futbol taldeko nagusien taldea hirugarren mailara igo da; Aurrerakoekin batera, 29 urte atzera bizitakoa errepikatzeko gogoz daude herritarrak.
Ondarroako balkoiak gorriz eta urdinez daude jantzita. Zaldupe futbol zelaiak disdira berezia dauka azkenaldian. Eta Aurrera futbol taldeko jokalariak inoiz baino animo gehiago ari dira jasotzen. Albistea ez da gutxiagorako ere: 29 urte eta gero, Aurrerako nagusien taldea hirugarren mailara igo da.Jaia erabatekoa, handia, izan zen 1986. urteko ekainean. Aurrerako nagusien taldea hirugarren mailara igo zela eta, herri osoa kalera atera zen. Ibai ertzak herritarrez bete ziren. Izan ere, Aurrerako jokalariek, talde teknikoagaz, elkarteko zuzendaritzagaz eta herriko bandagaz gabarra egin eta herria ibaitik zeharkatu zuten.
Jendetza, jaia eta poza. Horixe da urte horretako festa bizi izan zutenek gogoratzen dutena. «Herri osoa kalera atera zen, Aurrerakoak txalotzera».
Gabarra handia
Gabarra egiteko, orduan portuan desegiteko zeuden hiru gabarra txiki hartu eta lotu egin zituzten, gabarra handiago bat egiteko. Gorriz eta urdinez margotu eta Zaldupera eraman zuten. Jokalariak eta gainerakoak gainean ipini ondoren, herri osoa zeharkatu zuten, txalo eta animo oihu artean.
Gabarra hain zen handia ze, zubi azpietatik pasatzerakoan arazoak izan zituztela; txalupa txikiak ere jo zituzten.
Urteak atzera bizitakoa, baina, errepikatzear da. Joan den asteko lorpena eta gero, domekan jai giroa izan zen nagusi. Aurrerak, ospakizun ofiziala maiatzaren 23an egingo dela esan du; herritarrekin batera ospatu nahi dute.